Jon Ormazabal

Oinatz Bengoetxea akituta, aurrera pauso handia eman du Peio Etxeberriak Balmasedan

Leitzarraren zangoak ez dira dagoeneko bere grinari erantzuteko gai eta partidaren lehen erdi gogor baten ostean behera egin du nabarmen.

Peio Etxeberriak uste baino partida errazagoa izan du. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Peio Etxeberriak uste baino partida errazagoa izan du. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gaur botilero izan duen Joseba Ezkurdiak bezperan egindakoaren bidetik, finalerdietan egoteko urrats handi bat eman du Peio Etxeberriak Oinatz Bengoetxeari 8-22 gailenduta. Betidanik, partida guztiak gorputz eta arima jokatu izan dituen pilotaria izan da leitzarra, horrexegatik da kantxetako maitatuenetako bat, baina badirudi bere gorputza gaur egun ez dela bere grina izugarri horri jarraitzeko gai eta, ultzamarrari eusten egindako ahaleginak garesti ordaindu ditu, partida erditik aurrera erabat akituta aritu baita.

Astelehenean Tolosan ez bezala, Peio Etxeberriak oso entxufatua –Oinatz Bengoetxeak lehen sakean falta egiteak ere lagundu dio– ekin dio partidari, gauzak zentzuz egin eta piloteoan zuen abiadura abantailari zukua ateraz. Zuzen jokatzeko modua izan duenean, luze jota min egin dio defentsan sufritzea ohi baino gehiago kosta zaion Oinatz Bengoetxeari. Leitzarrak ez du garai bateko indarrik hanketan, ez eta nerbiorik besoetan, baina borrokarako grina oraindik soberan du eta jokoa nahastuz, zailtasunekin, baina partidari nolabait eutsi ahal izan dio, Zenotzekoari presa sartu eta eroso jokatzen ez utziz, akatsak egin araziz.

Partida mota honek, ordea, faktura pasatu dio Oinatz Bengoetxeari fisikoari dagokionean, hiru tantora (8-11) gerturatzeko bi tantoak bere alde erori diren arren oso gogorrak izan dira eta ezin izan die buelta eman eta lehen atsedenaldi luzearen aurretik (8-12, erritmo bizian jotako 161 pilotakadaren ostean) bi aldiz jo behar izan du aulkira gorputzari buelta eman eta arnas pixka bat hartzeko. 

Ezinean

Telebistako iragarkietarako tarteak, ordea, mesede gehiago egin dio Peio Etxeberriari Oinatz Bengoetxeari baino. Izan ere, geldialdi horrek ordura arteko bihotz taupadak baretu eta kantxan zentzu gehiagoz aritzeko patxada eman dio bere buruari. Luze eta zuzen jokatzea nahikoa izan du beste 28 pilotakadetan bigarren atsedenaldi luzera etenik gabe joateko (8-18). 

Eta ultzamarra ez da horrekin konformatu eta zuzenean joan da 22. kartoira, garaipen oso garrantzitsua lortuz. Astelehenean txapelketatik at geratzeko zorian izan bazen, emaitza honekin oso ondo bideratua du finalerdietarako bidea.

Bakaikoa ere, erraz

Promoziokoari dagokionean, Joanes Bakaikoak ere uste baino txapelketa hasiera erosoagoa izan du,  oso erraz (22-5) nagusitu baitzaio Jon Alberdiri. Arteaga egurtzetik zetorren azpeitiarra 0-2 hasi da irabazten, baina hortik aurrera etxarriarra goitik behera nagusitu zaio eta ligaxkako lehen puntua eskuratu du, azken urtean txapelketarik jokatu ezinda egon ostean.

 

FITXA TEKNIKOA:

Bengoetxea VI.a: 8

Peio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 211. Iraupena: 43,49 minutu. Markagailua: 0-4, 3-4, 3-8, 5-8, 5-10, 6-10, 6-11, 8-11, 8-22. Sakeak: Falta 1 Bengoetxea VI.ak eta 5 Peio Etxeberriak.  Tantoak: 4 Bengoetxea VI.ak eta 12 Peio Etxeberriak.  Hutsak: 5 Bengoetxea VI.ak eta 4 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Sarrera erdi Balmasedako pilotalekuan. Asier Garcia izan da Oinatzen botileroa eta Joseba Ezkurdia Peio Etxeberriarena