NAIZ

Rahmek, Otaeguik eta Lorenzok Cabrera irabazlearengandik 5 kolpera amaitu dute

Behetik gora eginda, Cabrera Bello kanariarrak irabazi du Madrilen jokatu den Espainiako Irekia, guztira 265 kolpe emanda (-19). Bost kolpera amaitu dute bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta lapurtarrak txapelketa.

Rafa Cabrera Bello izan da 2021eko Espainiako Irekiko garailea. (EUROPEAN TOUR)
Rafa Cabrera Bello izan da 2021eko Espainiako Irekiko garailea. (EUROPEAN TOUR)

Igande honetan amaitu da golfeko Espainiako Irekia. Mirari bat baino gehiago behar zuten Jon Rahmek, Adrian Otaeguik eta Mikel Lorenzo-Verak garaipena lortzeko. Eta ez da halakorik gertatu. Bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta lapurtarrak berdinduta amaitu dute txapelketa, guztira 271 kolperekin (-13).

Irabazlea Rafa Cabrera Belllo izan da. Amaiera oso estua izan da bera eta Adri Arnaus katalanaren artean. Pentsa, garaipena play offean erabaki da azkenik, biak berdinduta iritsi baitira 18 zuloak gainditu ostean. Biek 265 kolperekin berdinduta amaitu dute, nahiz eta Arnausek gaur 67 kolpe behar izan dituen eta Cabrerak bi gehiago, 69. Gauzak hala, lau urteko lehortearekin amaitu du Cabrerak Europako Tourrean.

Rahmek 2018 eta 2019ko txapelketetan lortutako garaipenak defendatzen zituen aurten –iaz ez zen ospatu pandemiarengatik–, eta Severiano Ballesterosen marka berdindu nahi zuen –hiru garaipen lortuta–. Horretarako, bikain hasi zuen Madrilen jokatu den txapelketa. 63 eta 67 kolpe lortu zituen lehenengo bi jardunaldietan, hirugarren eguna bigarren postuan hasiz liderrarengandik kolpe bakarrera.

Hala ere, larunbatekoa ahazteko eguna izan zen Barrikakoarentzat. 72ra joan zen bere txartela, eta igande honetan, zertxobait jaistea lortu badu ere –69 egin ditu–, ez da nahikoa izan goiko golflariei presioa sartzeko. Gaurkoan lau birdie eta bi bogey egin ditu.

Adrian Otaeguiren kasua ezberdina izan da. Donostiarra nahiko erregularra izan da bere jokoan. Ostegunean 68 kolpe behar izan zituen, ostiralean 70, larunbatean 65 eta gaur 68. Bost birdie eta bi bogey egin ditu igande honetan.

Azkenik, Mike Lorenzo-Vera oso erregularra izan da baita ere Madrilen. Baionako golflariak 67, 69, 68 eta 67 kolpez osatutako jardunaldiak bete ditu. Gaur sei birdie eta bi bogey sinatu ditu Rahm eta Otaeguirekin batera 17. postuan amaitzeko.