Emozioz historiari so, kantu artean

Emozioak bereziki piztu ditu aurtengo Idazleen Biltzarrak, Francoren diktadurapean askatasunaren alde aritu ziren bi kolektibori zuzendutako obren aurkezpenarekin: euskal errefuxiatuei laguntza eskaintzen zien Anai Artea elkarteari buruzkoa, eta kantari abertzaleen testigantza eta kantuen bilduma.

Anai Artea elkarteari buruzko liburuaren aurkezpena. (Guillaume FAVEAU)
Anai Artea elkarteari buruzko liburuaren aurkezpena. (Guillaume FAVEAU)

Programa berezia pentsatua zen Biltzarreko aurkezpenen artean, eta aurreikus zitekeena gainditu zuen, aurkezpenetik aurkezpenera, aurkezpenetik omenaldira, hunkipenak gora egin baitzuen, ohore egiteko kantu eta aurreskuarekin bukatzeko.

Txomin Hiriart-Urrutyk “Anai Artea. 1969-2021. Elkartearen historia” aurkeztu zuen, Mixel Mendiburu bertako kide historikoa ondoan zuela. Azken hau mintzatu zen lehenik, eta ez zen beti erraza izan hitzak ateratzea. Elkartearen sorreran izan ziren Telesforo Monzon eta Piarres Larzabal aipatu zituen, eta ondoren ere, egindako lana izan zuen gogoan.

Hiriart-Urrutyk lau urte eman ditu elkarrizketak egiten, informazioa biltzen, eta hitza hartzean, Euskal Herriak bizi izan dituen momentu historikoetan elkartea eragile edo lekuko izan dela nabarmendu zuen.

Elkartearen laguntza jaso zuen Jose Manuel Pagoaga Peixotok hartu zuen hitza ondoren, eta jasotako laguntza eskertzearekin batera, «azken 50 urteetan euskal errefuxiatuek laguntza antolatua, jarraikia eta iraunkorra» jaso ahal izan dutela azpimarratu zuen. Berak, eta Mendiburuk ondoren, Udalbiltzarekin sinatu duten akordioa aipatu zuten, eta bukatzeko, bertako presidente den Jabi Asurmendik, orain erakundeak elkartearen lanari emango dion jarraipena izan zuen mintzagai.

Elkartearen baitan egindako lana agerian emateko Bixente Garzia eta Battitta Larzabal jende aitzinera hurbildu ziren, baita Andoni Iturrioz elkarteko diruzaina ere. Honek euskal historiari buruz prestatzen ari den proiektu baten berri eman zuen, eta aurkezpena udaberrian eginen dela aitzinatu zuen.

Kantarien historia kantuz

“Quand nous chantions sous Franco” liburuaren txanda izan zen ondoren. Aurkezpen mahaiaren inguruan aurpegi ezagun anitz zeuden, Colette Larraburu idazlea eta Peio Etxeberri-Aintziart Elkar argitaletxeko editorearekin batera. Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Pier Pol Berzaitz, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Eneko Labeguerie, Panpi Lakarri eta Eñaut Etxamendiren ahotsetan euskal kantagintzako klasikoak entzun ahal izan zituzten zuzenean Sarara hurbildutako euskaltzaleek.

Larraburuk 1950eko hamarkadatik abiatuta, kantarien ibilbideari jarraitu zion, Euskal Herriaren historiari loturik: «Nire xedea gazteei historiaren parte hau transmititzea da, bertan bildu ditudan testigantza batzuk argitaragabekoak dira. Ezin zen tokietan inposatu zuten euskal kantua, metraileten, enboskaden, torturen... artean».

Eta gaineratu zuen: «Ez ginateke hemen izanen gizon eta emazte (gutxi) horiek euskarazko kantuekin kontzientziak hunkitu izan ez balituzte». Ibilbide horretan tarte bakoitzean egin ziren pausa musikaletan, besteak beste, “Itziarren semea”, “Eusko gudariak”, “Joseba Elosegiri”... abestu zuten.

Irudiek garrantzi handia dutela-eta, Daniel Velezen argazki historikoak baliatu dituzte diskoa ere baduen liburuan. Obra euskaraz agertuko da Durangoko Azokarako, eta azaro bukaeraren eta abendu hasieraren artean mintzaldia eta kantaldia elkartuko dituen agerraldiak eginen dituzte Euskal Herri osoan zehar.

Bukatzeko, bi liburuetako protagonistak elkartu ziren, Biltzarrak Anai Arteari egin zion omenaldian. Mendiburuk antolatzailek eskertu zituen, eta bertako presidente den Jean-Michel Garatek, egindako lana kontuan, eta liburuaren argitarapenarekin bat eginda, momentua zela adierazi zuen.

Mendiburuk, azken hitzaldian, joandakoak gogoratu zituen. Monzon eta Larzabalekin batera, Didier Rouget, Frantxoa Garat aipatu zituen, besteak beste, eta azpimarratu zuen, «ez ditugu emazteak ahantzi behar, ixil-ixilik soportatu gaituztenak», txalo zaparrada handia izan zuen orduan. «Euskal Herri osoan pairatu duten jendeekin gogoratzeko omenaldi ederra» izan zela erran zuen bukatzeko.

Elkarteko kide historikoak bildu ziren azkenik jendearen aurrean. Emozio momentu handienak izan ziren orduan, aurreskua dantzatu ondoren, Guk taldeko kideak beraiengana hurbildu eta kantuz hasi zirenean. “Agur jaunak” kantuaren doinuak entzun ziren, «ta andreak» gehituz hitzei. Kantariekin batera, elkarteko kideek eta ikusleek eman zituzten doinuen ondoren entzun ziren txaloek zenbaiten begien dirdirarekin egin zuten bat.


Euskaltzaindia

Lehen aurkezpenaren ondoren, eta bigarrena baino lehen eguerdiak jo zuen, eta tenore hori historikoki Euskaltzaindiak bere obrak aurkezteko hitzordua baita, Jean-Louis Davantek eta Jon Cazenavek beren azken liburuak aurkezteko baliatu zuten. Zuberoako euskaltzain osoak “Ozaze Jaurgainean. Jean de Jaurgainen Züberoa Herriko kontaira poetiko zenbait” aurkeztu zuen. Euskal Herriaren historiaz eta literaturaz erruz ikertu zuen Jaurgainek. Frantsesez idatzi baitzuen, haren lanak itzuli ditu Davantek: «Ez da lan erraza izan».

Casenave iraganera begira jarri zen “Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda?” liburuarekin. Duela hamar urte argitaratutako liburuaren bigarren edizio moldatua da.

Ohi bezala, egunean zehar beste hainbat libururen aurkezpenak ere izan ziren, eta karparen ondoko kiroldegian bildutako idazleek beren azken obrak proposatu zituzten. 38. edizio honetan literaturazaleak elkartzeko parada eman du beste behin Biltzarrak.