NAIZ

Erika gasteiztarraren hilketa matxista gaitzetsi dute herritarrek eta erakundeek

Gasteizko Sansomendi auzoan asteartean izandako hilketa matxista gaitzetsi dute asteazken honetan mobilizazio eta adierazpen instituzionalen bitartez. Bikotekide ohiak labanaz hil zuen Erika, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen.

Gasteizko Erikaren hilketa matxista salatzeko manifestazioaren bukaera. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Gasteizko Erikaren hilketa matxista salatzeko manifestazioaren bukaera. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

‘Gasteiz: eraso matxisten aurka’ lelopean elkarretaratzea izan da asteazken eguerdi honetan Gasteizko Plaza Berrian atzo Sansomendi auzoan geratutako hilketa matxista salatzeko.

Arratsaldean, aldiz, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako hitzordua izan da Gasteizen. Ostegunerako ere elkarretaratzeak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hegoaldeko beste hiru hiriburuetan: 19.00etan Donostiako Boulevardean, ordu berean Bilboko Arriaga plazan eta 20.00etan Iruñeko Udaletxeko plazan.

Gertakariak asteartean jazo ziren, 7.20an, Antonio Machado kaleko etxebizitza batean, Arabako hiriburuko Sansomendi auzoan. 42 urteko Oscarrek 37 urteko Erika emaztea etxeko balkoi batean giltzapetu eta sukaldeko aizto batekin lepoa moztu zion. Ondoren, bere buruaz beste egin zuen aizto berdinarekin. Bikotearen bi semeak, 17 eta 13 urtekoak, etxebizitzan zeuden eta larrialdi-zerbitzuei deitu zieten.

Udalak antolatutako mobilizazioan Beatriz Artolazabal Lakuako Gobernuko Berdintasun sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak parte hartu dute.

Gasteizko Erikaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratze instituzionala. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordea asteazken honetan bildu da eta talde politikoek adierazpen instituzional bat adostu dute erailketa matxista «irmotasunez» gaitzesteko eta «biktimaren inguruarekiko babesa eta hurbiltasuna» adierazteko.

Udalak dituen «baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak» jarri ditu bikotearen semeen eskura, eta Jarduera eta Erantzun Publikoaren Protokoloa aktibatu du.

«Indarkeria matxistak giza eskubideak larritasunez hausten ditu eta garrantzi handiko arazoa dela indarkeria jasaten duten emakumeen duintasunari eta osotasun fisikoari eta moralari eraso egiten diena, erailketa matxista matxismo horren adierazpen larriena izanik. Indarkeria hori ez dute ekintza isolatu batzuek osatzen; gure gizartea osatzen duten jokabide esplizituz, mezu sexistez eta sinboloez osatutako sare bat da, eta emakumeak gizonen mende mantentzea eta indarrean den sistema hetereopatriarkalak finkatutako mugak hausten dituen gorpurik, eredurik edo jokabiderik ez onartzea helburu du», azpimarratu du Udalak.

Gaitzespenak

Arabako Batzar Nagusiek ere gaitzetsi dute hilketa matxista, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. «Indarkeria matxista ez da ekintza edo ekintza batzuk isolatuta; gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu, mezu normalizatu eta sinbolikoen sare bat da, azken batean, emakumeak gizonen mende mantentzeko eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak gainditzen dituen gorputzen, ereduren edota portaeren izatea ez baimentzeko», adierazi dute ohar batean.

Arartekoak «atsekabe sakona» duela adierazi du, eta «erne» egoteko eskatu die erakunde publikoei eta gizarteari oro har, «indarkeria bizi duten emakumeei laguntzeko eta, hartara, krimen matxista berriak galarazteko».

«Matxismoak berriro hil du hiltzailearengandik banantzea erabaki zuen emakume bat. Egintza hori oso garrantzitsua da eta agerian jartzen du egoera bereziki zaurgarrian daudela esplizituki edo inplizituki genero-indarkeriaren mende bizi izanda, beren erasotzaileengandik banantzeko erabakia hartzen duten emakumeak» esan du Arartekoak.

Mercedes

Erika eta bere hiltzailea Mercedeseko langileak ziren. Horregatik, Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak ekoizpena 20 minutuz gelditzea erabaki dute ostegun honetan, Erika lankidearen hilketa gaitzesteko.

«Gertatutakoak agerian uzten du oraindik bide luzea dagoela egiteko eraso matxisten aurkako borrokan, esparru guztietan. Bide hori konpromiso indibidual eta kolektibo argiarekin egin behar dugu, gure gizarteko eremu guztietan oraindik ainguratuta dagoen desberdintasunarekin eta indarkeria sexistarekin amaitzeko», adierazi du Emilio Titos Mercedeseko zuzendari nagusiak eta Igor Guevara enpresa-batzordeko presidenteak sinatutako komunikatuak.

Gainera, asteazken honetako txanda bakoitza amaitzean, minutu bateko isilunea egiteko deia egin dute. Era berean, elkarretaratzeak deitu dituzte ostegun eguerdirako ‘Eraso sexistarik ez! Eraso sexistarik ez!’ lelopean fabrikako hiru sarreretan.