NAIZ
Donostia

Donostiako Udalak 36ko gerrako biktimengatik kereila jartzea proposatu du Avicgek

Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak ikerketa egin zuen 1936ko gerran militarrek Donostia okupatu zutenean izan ziren biktimak zerrendatzeko. Horien artean Udaleko langile eta funtzionario publikoak identifikatu zituzten.

Irailaren 13an, okupazio militarraren 85. urteurrenean, egindako omenaldia. (Gorka RUBIO / FOKU)
Irailaren 13an, okupazio militarraren 85. urteurrenean, egindako omenaldia. (Gorka RUBIO/FOKU)

Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteko (Avicge) ordezkariek bilera egin dute Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta bertan zenbait proposamen egin dizkiote. Izan ere, 1936ko irailaren 13an hiriaren okupazio militarraren zein 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpe militarraren ondorioz hil zituzten hiritarrak identifikatzeko ikerketa egin du.

Gogora Institutua, Donostiako Udala bera eta Euskal Memoria bezalako datu-baseei esker zerrenda osatzea lortu zuen Avicgek. «Lan espezifiko hau guztia egia eta justizia eraginkorra lortzeko bidean jarri nahi dugu», adierazi du elkarteak.

Hala, zerrenda horretan Donostiako Udaleko langileak eta funtzionario publikoak zirenak ageri dira. Hori dela eta, eskaera zehatzak egin dizkiote Goiari, gai honi dagokionez pausoak eman ditzan.

Eskakizunetako bat da «Donostiako Udala kereila-jartzaile gisa agertzea dagozkion epaitegietan, 1936ko uztailaren 18an militar kolpistek eta haiekin elkarlanean aritu ziren indarrek udal langile eta funtzionarioen kontra burututako gizateriaren aurkako krimenengatik».

Bestalde, «Donostia militarki menperatzeko ahaleginetan egindako sarraskien ondorioengatik, eta urte bereko irailaren 13an hiria okupatu ostean donostiarrok jasan genuen giza eskubide guztien bortxatzearen ondorioengatik» beste kereila bat jartzeko aukera ikusten du Avicgek. 

Era berean, udal bulego publiko bat zabaltzea eskatu dute, bertan dokumentuak eta ahozko testigantzak bildu ahal izateko, frogek balio historiografiko eta juridikoa izan dezaten. «Horrela, benetako justiziarako eskubideaz baliatu nahi duten senitartekoek halako prozesu judizialetan eskatzen diren baldintza metodologiko eta artxibistikoak beteko dituzten tresna dokumentalak» izango lituzteke.

Dokumentazio hori guztia publikoa izatea eskatzen dute, eta horretarako gordailuzaina Donostiako Udal Artxiboa izatea proposatzen du elkarteak. Atal espezifiko bat sortzea beharrezkoa ikusten dute, dokumentazioa sailkatu, antolatu eta katalogatu ahal izateko.