NAIZ

Gipuzkoa Basketek eta Easo Saskibaloi Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Saskikasi programaren bidez Gipuzkoa Basketek lortu nahi dituen helburu estrategikoen artean dago Gipuzkoako saskibaloia sustatzea eta inguruko klub eta ikastetxeekin lankidetza sareak garatzea. Hala, luzaroan bilatutako akordioa egi bihurtzea erdietsi dute klub biek.

Bi presidenteak, Easoko Esteban Basterretxea eta GBCko Nacho Nuñez, bostekoa emanez lankidetza hitzarmena sinatu ostean. (GIPUZKOA BASKET)
Bi presidenteak, Easoko Esteban Basterretxea eta GBCko Nacho Nuñez, bostekoa emanez lankidetza hitzarmena sinatu ostean. (GIPUZKOA BASKET)

Gipuzkoa Basketek eta Easo Saskibaloi Taldeak kirol elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena aurkezten dute ostegun honetan. Aspalditik bilaturiko hitzarmena izan da, baina urte dexentetako lana behar izan da azkenean gauzatu ahal izateko. Esteban Basterretxea Easo Saskibaloiko presidenteak Nacho Nuñez Gipuzkoa Basketekoak sinatu dute aipatu akordioa.

Hitzarmen horri esker, Gipuzkoa Basketetik aditzera eman dutenez, Easoko Urko Gonzalez eta Martin Dorronsoro lako jokalariek Gipuzkoa Basketen eskutik beren kirol ibilbidea garatzen jarraitzeko aukera izango dute, bere garaian Mikel Motos edo Julen Olaizolak egin zuten moduan, ez ordea Dario Brizuelak, izan ere egun Malagako Unicajan jokatzen duen eskoltak zuzenean Easotik Madrilgo Estudiantes taldera eman zuen jauzia.

Horrez gain, Easo klubeko zenbait taldek Gipuzkoa Basketen siglak eramango dituzte elastikoan aurrerantzean. Bestalde, Easoko teknikari eta jokalariek «inspirazio eta ezagutza iturri bat aurkitu behar» dutela Gipuzkoa Basketen aipatzen dute akordioan. Hala, denboraldian zehar GBCk egingo dituen jarduera ezberdinetan parte hartu ahalko dute Easokoek ere.

Hemendik aurrera, beste alde batetik, «Easo SBT» izeneko harmaila bat izango du Illunben, taldearen partidetara joateko. Urrunago joan gabe, Easoren delegazio batek joan den asteartean Gipuzkoa Basketek eta Caceresek jokatu zuten partidara joateko aukera izan zuen, Illunben jokatutako Urrezko LEB Ligako bigarren jardunaldian.

Luzaroan itxarondako akordio hau sinatzeagatik, Gipuzkoa Basketek publikoki «eskerrak» eman nahi dizkie Easoko kideei, eta berandu baino lehen Gipuzkoako beste klub eta ikastetxeekin akordio berriak aditzera emango dituela gaineratu du.