NAIZ

Gurutze Gorriak 700.000 kilo janari banatuko ditu Hego Euskal Herrian

Guztira 700.000 kilo elikagai emanen dizkie Gurutze Gorriak Hego Euskal Herrian egoera zaurgarrian dauden pertsonei. 500.000 kilo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan banatuko dituzte, eta bertze 200.000 Nafarroan. FEAD europar funtsaren elikaduran laguntzeko programaren bigarren eta azken etapa da.

Gurutze Gorriko kideak janaria banatzen hasi dira, FEAD programaren bigarren eta azken etapan. (GURUTZE GORRIA)
Gurutze Gorriko kideak janaria banatzen hasi dira, FEAD programaren bigarren eta azken etapan. (GURUTZE GORRIA)

Gurutze Gorriak 700.000 kilo elikagai baino gehiago banatuko ditu Hego Euskal Herrian pobrezia egoeran dauden pertsona eta familien artean. Horietatik 500.000 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emanen ditu, eta bertze 200.000 Nafarroan. FEAD 2021 elikaduran laguntza emateko programaren bigarren eta azken etapa martxan da dagoeneko.

EAEn egoera zaurgarria bizi duten 20.182 pertsona eta familiari eginen diete ekarpena. Nafarroan, berriz, 10.000 laguni.

Antolakundeak azaldu du bera arduratuko dela banaketaz Elikagai Bankuen Espainiar Federazioarekin (FESBAL) batera. Erantsi duenez, FEAD programa honen %85 europar funtsek finantzatzen dute eta gainerako %25 espainiar Gobernuaren aurrekontutik dator.

EAEren barrenean, janari gehiena (353.796 kilo) Bizkaian banatuko dutela zehaztu du Gurutze Gorriak, kasik 12.000 pertsonaren eta 4.341 etxeren artean. Bazkidetutako 13 antolakunderen bidez eramanen dizkiete lagun hauei guztiei elikagaiak, eta honezkero hasi dira lanean.

Arroza, olioa, kakaoa, atun kontserbak...

Datorren asteetan banatuko dituzten elikagaien artean daude arroza, olioa, kakaoa, atun kontserbak, gailetak, garbantzu egosiak, esnea, barazki kontserbak, espagetiak eta tomate frijitu kontserbak.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa arduratu da elikagai horiek aukeratzeaz, kalitatea, aniztasuna, manipulazio erraza eta kontserbazioa kontuan hartuta.

«Modu duin eta egokian elikatzea» pertsona guztien eskubidea dela azpimarratu du Maria Jesus Gil programaren arduradunak.