Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Testatzeko kanpaina ahuldu dezake PCR eta antigenoak ordainarazteko erabakiak?

Gaurdanik covid-19a atzemateko azterketak –PCR proba zein antigenoak izan– ordaindu beharko dira kasu gehienetan Ipar Euskal Herrian. Txertatzeko hautua egin ez duten herritarren egunerokotasuna trabatuko du neurriak. Handik harago, erabakiak testatzeko kanpaina ahuldu dezake.

22 eta 44 euro arteko ordaindu beharko dute herritarrek PCR edo antigenoen testa egiteko. (Gorka RUBIO)
22 eta 44 euro arteko ordaindu beharko dute herritarrek PCR edo antigenoen testa egiteko. (Gorka RUBIO)

Urriaren 15etik aurrera covid-19a atzemateko azterketak ez dira gehiago doan Ipar Euskal Herrian.

Frantziar Gobernuak txertatze kanpaina bultzatzearren harturiko erabakiaren ondorioz 22 eta 45 euro artean ordaindu beharko dute herritarrek testak egiteagatik.

Erizain kontsultan, laborategian edo botika-dendan egiteko aukera izanen da, baina prezioa aldakorra izanen da toki batean edo bestean.

Orain arte herritarrek farmazietara jotzen zuten gehienetan testak egiteko. Asteburu edo jai egunen bezperetan ohikoa zen jende-ilarak topatzea farmazietako sarreretan.

Hendaiako zentro-gunean dauden hiru farmazietatik erronda egin ostean, gaur goizean ez zen aparteko mugimendurik sumatzen.

Mediku agiria erakutsi beharko dute txertoa jaso ez duten eta testa egin nahi duten herritarrek proba hori doan izateko.

Horrek erran nahi du osasun agiria eguneratzeko zein bidaia edo ospakizun baten inguruan egiten ohi diren «erosotasun testak» ordaindu egin beharko direla.

Gaurdanik, beraz, arrakala berri bat izanen da txertoa hartu duten herritarren eta txertatu gabe dauden lagunen artean. Lehenengoek ez dute ezer ordaindu beharko testa egiteagatik, bigarrenek mediku agiria beharko dute eskuratu azterketa doan egin nahi badute.

Kontuan hartuta familia mediku batekin hitzordua hartzeko sarritan lau eta sei egun artean behar direla gogoetatu, lehenengo ondorioa argia da: gaixotasun larriak dituzten herritarrak alde batera utzita, gainerako pertsonei ezinezkoa egingo zaie, osasun ziurtagiria eguneratua izateko, bi egunean behin testa egiteko errezeta bat atzematea.

Edonola ere, sistema berriak arazoak sor ditzake mediku kontsultetan, eta prekarietatea pairatzen duten herritarrekin lan egiten duten hainbat elkartek ohartarazi dutenez diru-sarrera urriak dituzten herritarrek zaila izanen dute test batengatik aldi oro ordaintzea.

Jakin behar da, bestalde, medikuaren kontsulta batera joaten diren bakoitzean Ipar Euskal Herriko heritarrek 25 euro ordaindu behar dituztela. Aurrerapen bat da Segurtasun Sozialak, alde batetik, eta mutua edo aseguruak bestetik, haien gain hartuko baitute ondoren kontsultaren kosturik handiena. Izan ere, herritar askorentzat zaila bilakatzen da gainkostu horri aurre egitea.

Arrangura bada, finean, testatzeko kanpaina ez den ahulduko probak egiteko trabak ezarriz.

«Espero dezakegu test kopuru aski apalduko dela eta, ondorioz, askoz kasu positibo gutxiago azalduko direla; positiboen kasu tipitze hori ez da, beraz, epidemiaren bilakaeraren ondorio gisara hartu behar, test gutxiago eginen dituelako gertatuko baita», oharrarazi du epidemiaren bilakaera neurtzen duen data sistemaren kudeatzaile den Guillaume Rozierrek.

Osasun agiria eguneratzeko baldintzak

Iragan martxoaz geroztik 150 milioi test egin dituzte frantziar Estatuan. Abuztuaren erdian, osasun ziurtagiria derrigorrezko bilakatu zenean, 6 milioi test egin ziren astero. Egun, 4 milioi test inguru egiten dituzte astero Hexagonoan. Horiek dira frantziar osasun agintariek eskaintzen dituzten zifrak.

Gaur indarrean sartu den dispositiboaren arabera bakarrik horrelako kasuetan posible izanen da covid-19a atzemateko testa ordaindu gabe egitea:

- Testa doan izanen da adin txikikoentzat.

- Testa doan izanen da txertaketa osatu duten herritarrentzat.

- Osasun arrazoiak direla medio txertoa hartu ezin duten herritarrek ez dute PCR edo antigeno proba egiteagatik ordaindu beharko.

- Osasun arduradunek kontaktu kasu gisa identifikatuko dituzten herritarrek ez dute testa egitearren ordaindu beharko. Ezta testatze kanpainetan parte hartzeko deituak izan diren herritarrek ere.

- Medikuak izenpeturiko errezeta aurkeztuko duten herritarrek ez dute testa egiteko dirua ordainduko. Errezeta horren balioa 48 ordukoa izanen da eta behin bakarrik ahalko da baliatu.

- Azkeneko sei hilabetetan gaixotasuna pasatu duten herritarrentzat doan izanen da testa.