NAIZ

Anaitasuna eta Benidormen arteko dema estua berdinketarekin bukatu da (32-32)

Anaitasunak ezin izan du bere bolada ona luzatu beste garaipen batekin baina benetan ona izan daitekeen puntua eskuratu du Benidormen. Bigarren zatia aurretik hasi badu ere, azken hogei minutuetan korrontearen aurka borrokatu behar izan du behintzat puntu bat erdiesteko (32-32). 

Anaitasunak, larunbat honetan, bere 300. neurketa jokatu du Asobal Ligan baina ezin izan du garaipen batekin biribildu. Nolanahi ere, hiru garaipen erreskadan eskuratu ostean, Benidormen batutako puntua ere ontzat eman daiteke. Eta badirudi klub nafarrak ere irakurketa bera egin duela: 

Quique Dominguezen taldeari kosta egin zaio partidan sartzea. Ohartu orduko, 11-4ko markagailua zeukan kontra. 13. minutua zen eta gauzak hobetu beharrean zegoen talde iruindarra. Orduantxe iratzarri da Anaitasuna eta zazpi minutuan, 1-8ko partziala ezarrita, lehendabizi markagailua berdindu du, ondoren guztiz iraultzeko (17-18). Ander Izquierdo –bukaeran bera izan da Anaitasunako golegile nagusia (6)–, Adrian Ortiz, Alvaro Gaston eta De Souzaren artean banatu dituzte golak. 

Hala, bigarren zatia gol bateko errentarekin abiatu du baina ezin izan du handitu. Gol bat sartzen zuenerako, Benidormek berdindu egiten zuen eta halaxe, etxeko taldeak beregana ekarri du markagailua 41. minuturako. 

Bi goleko aldea ere ezarri du Benidormek baina egiari zor, benetan lehia estua eskaini dutela biek ala biek. Edozeinek irabazi zezakeen eta amaieran, justizia eginez, 32 golera berdin dute. Anaitasunak 30 segundoren faltan egin du berdinketaren gola eta hutsartea eskatuta, defentsa sendotu, eta Benidormek ez du asmatu azken erasoan. 

Zarautzek galdu egin du Barça Bren aurka

Zarautz Aritzbatalde kiroldegiak norgehiagoka oso berezi bat hartu du larunbat honetan. Eskubaloiko Kopako lehendabiziko kanporaketa jokatu du etxeko taldeak eta Barça B izan du arerio. Bi taldeen arteko aldea agerian geratu da eta katalanek hamar goleko aldearekin lortu dute bigarren faserako txartela (26-36). 

Zarauztarrak saiatu dira aurpegia ematen baina jada lehen zatiaren bukaerarako neurketa erabakita geratu dela esan daiteke (11-17). Amaierako hamar goleko alde hori handiagoa izan zitekeen (hamabi goleko diferentzia ere islatu du markagailuak bigarren zatian zehar) baina etxekoek ez dute amore eman eta ahalik eta itxura onena ematen saiatu dira azken minutura arte.