NAIZ

Eskubide Sozialen Kartak sei hilabeteko aldi bat abiatuko du taldea indartu eta saretzeko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten agenteek sei hilabetetako aldi bat jarriko dute martxan, taldea indartzeko eta sare sendoago bat ontzeko helburuarekin. Larunbat honetan irudikatu dute aldi horren hasiera.

Eskubide Sozialen Kartako eragileek egindako bilera. (LAB)
Eskubide Sozialen Kartako eragileek egindako bilera. (LAB)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten agenteek iragarri dute sei hilabetetako aldi bat jarriko dutela martxan, taldea indartzeko eta sare sendoago bat ontzeko helburuarekin.

Eskubide Sozialen Kartak 2014an eratutako herri mugimendu hau indartu eta saretzeko prozesuaren hasiera asanblada egin du larunbat honetan Gasteizen.

«Testuingurua zeharo baldintzatu du pandemiak eta dagoeneko existitzen ziren gabezia estrukturalak agerikoagoak dira orain», agertu dute.

Horregatik, egungo testuinguruaren inguruko azterketa gaurkotzeko beharra azpimarratu dute asanbladan parte hartu duten hamarnaka eragileek.

Asanbladak bi helburu nagusi izan ditu. Lehena «eraldaketa soziala eta burujabetzaren alde dauden subjektuon artean adostasunak eraberritu eta agenda sozial partekatu eta burujabea eraikitzea»; bigarrena «lan lerro berriak martxan jartzea».

Eragileek aitortu dute testuinguru berezian etorri dela asanblada. «Ikasturte berezia izango da aurtengoa. Pandemiak eraginda baina ondorioak kudeatzen hasita, eskubideen murrizketa eta herritarron bizi baldintzei eraso berriak denok ditugu begi-bistan», ohartarazi dute.

Horregatik, Eskubide Sozialen Kartaren aliantza eremuak indarberritzeko barne prozesu honez gain, testuinguruari erantzuteak ere garrantzia izango duela aurreratu dute.

Bildutako eragileek berretsi dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartzen duten eragileen adostasunak eraginkortzeko saretu eta antolatzeko era berriak behar direla.