NAIZ

Estatu frantseseko antzerkiaren munduan #MeTooThèatre salaketa piztu da

«Berak bortxatu ninduen, zuek txalo egiten diozue». Estatu frantseseko antzerkiaren munduan sexu-abusu eta sexismo salaketak plazaratu eta astebetera, ehunka manifestarik ikerketa orokorra eskatu dute larunbatean Parisko Palais Royalen, Kultura Ministerioaren aurrean. #MeTooThèatre-ren ordua da.

Larunbatean Kultura ministerioaren aurrean egindako manifestazioaren irudia. (Christophe Simon /AFP)
Larunbatean Kultura ministerioaren aurrean egindako manifestazioaren irudia. (Christophe Simon /AFP)

Antzerki-sektorean jazotako sexu-abusuen aurkako #MeTooThèatre salaketa-mugimenduak sareetatik kalera jauzi egin du larunbat honetan, Parisen manifestazio bat eginez; 300 pertsona inguruk isiltasuna eta zigorgabetasuna bertan behera uzteko eskatu dute.

Karteletan ‘Kultura bai, bortxaketarik ez’ edo ‘Akatu dezagun omertá’ irakur zitekeen. Manifestariak Roselyne Bachelot ministroari zuzendu zaizkie eta ekitaldian bertan EELV-ko Yannick Jadot lehendakaritzarako hautagaiak eta Audrey Pulvar Parisko Udaleko Nekazaritza zinegotziak parte hartu dute. Azken honek aipatu duenez, «azken egunotan soilik 6.000 egun salaketa inguru jaso ditugu».

‘Biktimentzako errugabetasun-presuntzioa’ ere irakur zitekeen. Marie Coquille-Chambel-en egoerari dagokion salaketa izan daiteke, antzerki-kritikari eta YouTuberra lehenetarikoa izan baita bere lekukotasuna ematen. Lehen aldarrikapen publikoa Twitter sare sozialean egin zuen joan den urriaren 8an, eta, harrezkero, zinemaren munduan gertatu zen antzera, beste erabiltzaile asko batu zaizkio beraien salaketa propioak egiten.

Lehen egun horretan, Marie Coquille-Chambelek zera salatu zuen, Comédie Française ospetsuaren aktore batek bortxatu zuela lehen konfinamenduan eta «gaur egun, Comédie Françaiseko kide izaten jarraitzen du, nahiz eta zuzendaritza jakinaren gainean egon salaketa bat dagoela». Antzerki nazionalak aktoreen plantilla propioa duen bakarra da Estatu frantsesean.

Coquille-Chambel-ek, sareen bidez, antzerki-eremuan sexu-jazarpena, erasoa edo bortxaketa jasan zuten biktimak gonbidatu zituen #MeTooThéatre etiketaren pean testigantza ematera. Aste honen hasieran ‘Liberation’ egunkarian argitaratutako artikulu batean, antzerkiko profesional talde batek, 1.400 sinadura baino gehiagoren babesarekin —horien artean izen ezagunak, Adèle Haenel, Julie Gayet eta Sandrine Rousseau bezala– eskala handiko ikerketa nazionala baten hasiera aldarrikatu dute, «beldurra eta lotsa bandoz alda dadin behingoz. Azken lau urteotan gure lanbidean sortu diren salaketetan, zuzendari, teknikari, irakasle edo zuzendarien kontra, ez dute inolako jarraipenik izan eta ez dira neurri irmoak hartu». 

Era berean, arura postuetan ere parekotasun handiagoa eskatzen dute «boterearen oreka aldatzeko» eta ustezko biktimei hobeto entzuten zaiela bermatzeko.

2017an #MeToo mugimendua sortu zenetik, hainbat eskandaluk astindu dute Hexagonoko antzerkiren komunitatea.

Bortxaketa-kasu batek zipriztinduta, Jean-Pierre Baro zuzendariak Théâtre des Quartiers d'Ivry (Val-de-Marne) utzi zuen, langileek bere dimisioa eskatzeko egin zuten grebaren ondorioz.

Udaberrian, dozenaka lagun elkartu ziren Parisko Cours Florent-en lokalaren aurrean, antzerki-eskola pribatu entzutetsu honen ‘isiltasuna’ salatu nahian. Erakundeak ukatu egin zituen irakasleek egindako abusuak.

Urriaren 14an BFMTVn elkarrizketatua, Roselyne Bachelot ministroak indarkeria matxista «onartezina» dela salatu zuen. «Kulturan eta artean indarkeria matxistaren aurka egiten den borrokaren alde nago erabat», adierazi zuen, eskatzen zaion ikerketa nazionalari buruz galdetu ziotenean. Ikusteko dago promesa horiek beteko diren.