J.S.

Abian da hamargarren Oinez Basoa

Antzin, Barindano eta Lizarrako Udalek eta Lizarra Ikastolak akordioa sinatu dute Oinez Basoa ekimena garatzeko. Hiru herriotan, bertako landaretza berreskuratzeko landaketak egingo dituzte. Horrela, Nafarroa Oinez jaiak eragiten duen ekologia-inpaktua gutxituko dute.

Yolanda Arana Barindanoko Kontzejuko presidentea, Elena Zabaleta eta Unai Gardoki ikastolako ordezkariekin.
Yolanda Arana Barindanoko Kontzejuko presidentea, Elena Zabaleta eta Unai Gardoki ikastolako ordezkariekin.

Oinez Basoa ekimena 2008an sortu zen, ikastolen jaiak naturan eragiten duen ekologia-inpaktua gutxitzeko asmoz. Izan ere, Nafarroa Oinezek baliabide naturalak kontsumitzea, hondakinak sortzea eta berotegi-efektuko gasak isurtzea eragiten du. Hala, festaren aztarna ekologikoa gutxitzeko, Oinez Basoa ekimena abian jartzen da urtero festa hartzen duen herri edo eskualdean. Urteotan bederatzi baso sortu dira, Arbizu, Tafalla, Tutera, Zangoza, Baztan, Andosilla-Sartaguda, Lesaka, Altsasu eta Arguedasen. Hamalau urteko ibilbide horretan 50.000 zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroan.

Aurten, 2021eko edizioak jarraipena eman nahi dio 2008an sortutako proiektuari. Estellerrian, Natura 2000 sareari lotuta Ega-Urederra  Kontserbazio Bereziko Eremua topa dezakegu. Bada, espazio natural hori abiapuntutzat hartuta, beronen kudeaketa planak jasotzen dituen helburuak garatzen lagunduko duten esku hartzeak planteatu dituzte aurtengo Oinez Basoari lotuta; hain zuzen ere, bertako landaretzaren berreskurapenaren aldeko landaketak.

Azken hamarkadotan Ega eta Urederra ibaien ertzetan, beste ibai askotan gertatu bezala, makal-klonen landaketa produktiboak egin dira, bertako landaretzari ibaiertzetako zerrenda estuak utziz eta biodibertsitatea izugarri pobretuz. Hain zuzen ere, ezaugarriok dituzten bi eremu landuko ditu aurtengo Nafarroa Oinezek, egoerari buelta emateko asmoz.

Batetik Barindano herrian, bertako Kontzejuaren eskutik, azken urteotan makal-klon produktiboen landaketa izan duen partzela batean bertako espezieak hartuko dituen landaketa egingo da Uiarra eta Urederra ibaiak elkartzen diren puntuan. Makal produktiboen ordez bertako makalak, haltzak, hurritzak, basaranak, elorriak eta beste landare batzuk landatuko dituzte hektarea pasatxo duen eremuan.

Bestalde, Antzin herrian, bertako Udalaren eskutik, berriki saldu eta moztu den makal-klon landaketa bat dago. Eremuak hartuko duen landaketa berriari dagokionez, zati bat hezkuntzarako erreserbatuko dute. Zati horretan ibaiertzetako landaretzaren garapenean parte hartzen duten landare serial guztien ordezkariak landatuko dituzte, eskualde osoko haurrek naturaren ikasketa eta interpretaziorako gune bat izan dezaten.

Azkenik, eskualdearen buru den Lizarrako hirian, 2021eko Oinez Basoa ekimena osatuko duen ekintza xumea egingo da. Horrenbeste mehatxu pairatzen dituzten saguzarren kontserbazioa bermatzeko, Los Llanos parkean beraientzat diseinatutako habia bereziak jarriko dituzte zenbat kokapenetan.

Oinez Basoa ekimena abian jartzeko akordioak sinatzeko ekitaldietan, Isaac Corres Lopez Antzingo alkateak, Yolanda Arana Martinez Barindanoko Kontzejuko presidenteak, Koldo Leoz Garciandia Lizarrako alkateak, Elena Zabaleta Andresena Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Unai Gardoki Alkorta Lizarra Ikastolako presidenteak parte hartu dute.