NAIZ

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa «sendotzeko» jardunaldiak antolatu dituzte

Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren egungo egoera esperientzia praktikoetatik ezagutu nahi dute. Senpere, Laudio, Lesaka eta Azpeitian egingo dituzte topaketak. 

‘Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi’ jardunaldiak aurkeztu dituzte. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
‘Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi’ jardunaldiak aurkeztu dituzte. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

‘Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi’ jardunaldia antolatu dute bigarren aldiz elkarlanean Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. «Topagune honek egungo kultur bitartekaritza hartuko du hizpide, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea helburu duelarik», azaldu dute ohar baten bidez.

Oraingoan eskolaz kanpoko transmisioan jarriko dute arreta Senpere, Laudio, Lesaka eta Azpeitian egingo dituzten topaketetan. Izena emateko epea zabalik dago UEUren webgunean. Aurkezpenean Gotzon Barandiaranek, AHOTSENEAko ordezkariak; Maite Azpiazuk, OinHerriko ordezkariak; Nagore Alkortak, Azpeitiko alkateak eta Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak parte hartu dute.

2019an egindako ekitaldian ehundik gora lagun bildu ziren. Orduan «hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest leudekeen eragileak identifikatzeko» antolatu zituzten. Bertan sortu zen gaur egun lanean ari den lan-taldea.

Aurtengo jardunaldietan hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren egungo egoera esperientzia praktikoetatik ezagutu nahi dute. «Egunerokoan gorpuzten diren esperientzia praktiko horien lagungarri, marko teoriko bat» proposatu nahi dute, zeina honako galderak hausnartuta osatu asmo duten: «Nola euskaltzaletzen gara? Nola kulturzaletzen gara? Nola sozializatzen gara euskarazko kultur sormenaren inguruan? Zein espazio ditugu euskarazko kultur sormenaren inguruan elkartzeko? Zer egin genezake elkarrekin euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun Euskal Herri osoko eragileok?»

Bestetik, jardunaldiotatik Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute erakunde antolatzaileek, zeinak euskal kulturgintzaren transmisioa eskolaz kanpo nola bermatu dezakegun aztertu eta proposatuko duen. «Ekosistemako eragileek guztiek batera jardun behar dugu. Elkarlanik gabe, ez kulturgintzak, ez euskalgintzak ez herrigintzak ez dute etorkizunik. Aterabideak elkar hartu eta artikulatzetik soilik etorriko dira ulertzen dugunez, elkarlanerako ateak zabalik daude», gehitu dute.