NAIZ
Gasteiz

Rap-kantari eta influencerrek indarkeria matxistaren kontrako topaketa egingo dute Gasteizen

Kai Nakaik, Annekdotasek, Dupla Taldeak eta Paula Fernandezek ‘Libre izan nonahi’ topaletan hartuko dute parte. Bertan, gazteekin elkartu eta indarkeria matxistaren inguruan hausnarketa egingo dute.

Iratxe Aguilera gasteiztarra da Kai Nakai proiektuaren ahots eta arima. (NAIZ)
Iratxe Aguilera gasteiztarra da Kai Nakai proiektuaren ahots eta arima. (NAIZ)

Kai Nakai, Annekdotas eta Dupla taldea artista arabatarrak zein Paula Fernandez influencerrak esperientziak, hausnarketak eta ikuspuntuak partekatuko dituzte gazte gasteiztarrekin ‘Libre izan nonahi’ topaketan. Topaketa hau Udaleko Berdintasunerako Zerbitzuak antolatu du, Udaleko Gazteria Zerbitzuarekiko lankidetzan, indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazio eta prestakuntza estrategiaren barruan.

Azaroaren 19an egingo da topaketa, Goiuri jauregian. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik gonbidapena eskatu behar da. Eskaera egiteko epea ekitaldia baino 20 egun lehenago irekiko da.

Indarkeria matxista ekiditzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko programaren barruan azarorako aurreikusitako jardueretako bat da topaketa hau.

Jarduera ezberdinak eta erakargarriak eskaintzen ditu programak, Gasteizko gazteen arreta eta interesa pizteko asmoz, horiek osatzen baitute ‘Libre izan nonahi’ estrategiaren publiko objektiboa. Besteak beste, urteko azken hiruhilekoan Libre Hezi Nonahi lantegiak egingo dira hainbat ikastetxetako DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketako ikasleentzat; hezitzaile bikote ibiltari bat harremanetan jarriko da gazteekin zenbait egunetan, indarkeria matxistaren inguruan dituzten bizipenez eta ezagutzaz hausnartzearren.