NAIZ

Euskal kultur jaialdia egingo dute Britania Handian Chillidaren erakusketaren harira

Etxepare Euskal Institutuak iragarri duenez, asteburu honetan Euskal kultur jaialdia egingo dute Britania Handian dagoen Bruton hirian, Eduardo Chillidaren erakusketaren harira. Hauser & Wirth Somerset arte galerian euskal eskultorearen erakusketa dago ikusgai 2022ko urtarrilera arte.

Oreka TX eta Kukaik hartuko dute parte asteburu honetan. (ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA)
Oreka TX eta Kukaik hartuko dute parte asteburu honetan. (ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA)

Oreka TX musika taldea eta Kukai dantza taldea ‘Basque cultural festival’ jaialdian arituko dira, Britania Handian dagoen Bruton hirian asteburu honeran, urriaren 22 eta 23an. Etxepare Euskal Instituak azaldu duenez, Hauser & Wirth galeriak Eduardo Chillidari eskainitako erakusketaren testuinguruan kokatzen da ekitaldia.

«Etxepare Euskal Institutuak babestutako ekitaldi honek adin guztietako pertsonak gonbidatu nahi ditu ‘euskal’ esperientzia batean murgildu eta euskal kulturaren ondare aberatsa ezagutzera. Musika eta dantza tradizionalen bidez, Chillidaren obran funtsezkoak izan diren gaiekin lotura berriak sortzera animatuko dira bisitariak. Oreka TX eta Kukaik, hain zuzen, elkarrizketa artistiko aberatsak eratu dituzte Chillidaren lanarekin, eta  euskal tradizioa eta eragin garaikideak uztartzeagatik dira ezagunak», adierazi du ohar batean.

Esperientzia osatzeko, Lurra Cafe, Chillida Lekuko jatetxeko sukaldari-buruak Roth Bar & Grill Hauser & Wirth Somerset-i lotutako jatetxearekin elkarlanean arituko dira euskal inspirazioko menuak sortzeko. «Euskal Herriko produktu eta zaporeak dastatu ahal izango dira, pintxo hotz eta beroak, parrillako sukaldaritza, eta baita euskal ardo sorta zabala ere», azpimarratu du institutuak.

Honen esanetan, «ekitaldi berezi hau Hauser & Wirth Somerset eta Chillida Lekuren, artistak, artean bizirik zela Hernanin sortutako museoaren, arteko kultur hartu-emanaren parte da».

Chillida Hauser & Wirth Somerseten

Brutonenkokatuta dagoen Hauser & Wirth Somerset arte galeriak Eduardo Chillidari (1924-2002) eskainitako erakusketa antolatu du, 2022ko urtarrilera arte ikusgai egongo dena, Hernaniko Chillida Lekuren laguntzaz.

«Chillida oso ezaguna da bere eskultura monumentalengatik eta forma interkonektatuekiko, espazioarekiko eta forma organikoekiko zuen etengabeko liluragatik. Burdinaren eta altzairua bezalako materialen mugei aurre egin zien gerraosteko eskulturaren hizkuntza birdefinitzeraino. Eta hori guztia bere jaioterriarekiko lotura sakonean oinarrituta», nabarmendu du Etxeparek Euskal Institutuak.

Erakusketa hau igeltsuz, egurrez, altzairuz, burdinez, granitoz, buztin txamotaz eta paperez egindako lanez osatuta dago, 1949tik 2000ra bitartekoak denak, eta bisitariak Chillidaren obraren eta Hauser & Wirth Somerset kokatuta dagoen ingurunearen arteko topaketa berrietara gonbidatu nahi ditu,  artistak berak Chillida Lekurekiko zuen ikuspegiarekin paralelismoa ezarriz.