Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

‘Ez Donk Amaitu’, 80ko hamarkadako Arrasateri begiratua

Herritar talde batek antolatu du ‘Ez Donk Amaitu’ ekimena, 1980ko hamarkadan Arrasaten zegoen mugimendua bistara ekarri eta «nondik gatozen» jakiteko. Urriaren 28tik azaroaren 30era bitartean, erakusketa batek, mahai-inguruek eta kontzertuek osatuko dute bidaia hori.

Hamalau urtez itxita dagoen Biona tabernan egin zuten aurkezpena.
Hamalau urtez itxita dagoen Biona tabernan egin zuten aurkezpena.

Arrasateko Biona tabernak hamalau urte zeraman itxita eta atzo zabaldu zuten ‘Ez Donk Amaitu’ ekimena aurkezteko. 2008ko martxoaren 1etik itxita dagoen taberna, hain justu, 1980ko hamarkadako hainbat mugimenduren eta gertaeren lehen lerroko lekuko izan zen eta horregatik aukeratu zuten aurkezpenerako toki hori, esanahi berezia daukalako garai hura bizitu zutenentzat.

‘Ez Donk Amaitu’ Herritar talde batek bultzatutako egitaraua da eta helburu dauka 1980ko hamarkadako Arrasatera bidaia bat proposatzea. Bidaia horren hari nagusia punk-a izango da, baina izango du beste ertzik. Txerra Bolinaga da bultzatzaileetako bat. Aurkezpenean esan zuenez, «bi urtetik behin RIPeko taldeko izandako eta garaian galdutako beste lagunen omenez kontzertuak antolatu izan ditugu luzaroan. Pandemia aurretik ohartu ginen RIP sortu zela 40 urte betetzear zirela eta proposatu nien RIP-i buruz baino, 80ko hamarkadari buruz zerbait zabalagoa eta borobila egitea. Aurrera egin behar da, baina noizbehinka garrantzitsua da nondik gatozen jakitea».

‘80ko urtiek Mondrauen’ erakusketa

Egitarauaren plater nagusia, ‘80ko urtiek Mondrauen’ izeneko erakusketa da. Kulturaten zabalik egongo da datorren urriaren 28tik azaroaren 30era bitartean. Edurne Landaluzek aurkezpenean esandakoaren arabera, «Arrasaten 80ko hamarkada zelakoa zen erakusten saiatu gara. Punka ez zen Euskal Herrian eta hemen kasualitatez agertu, testuinguru berezi bat zegoen, gaurko jende gazteak ezagutu ez duena eta hori erakusketan batzen ahalegindu gara».

Artxibo lan garrantzitsua egin dute erakusketa osatzeko; «garaiko prentsa arakatu dugu, udal artxiboa, Letonaren fondoa, tokiko bildumak eta baita etxe askotako armairuek ere», agertu zuen Landaluzek. Erakusketan prentsa artikuluak, argazkiak, flyerrak, kartelak, sarrerak, artelanak eta beste elementuz osatutako panelak izango dira. «Gainera, udal liburutegiak gurekin elkarlanean 80ko hamarkadari eta punkari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat gai horrekin lotutako irakurgaiak batu eta gida prestatu du».

Erakusketan musika ere izango da. Bultzatzaile taldeko Iker Barandiaranek azaldu zuenez, «80ko hamarkadan Arrasaten zeuden taldeen bilaketa egin dugu eta horietaz gehiago jakiteko aukera izango da erakusketan». Aipatu bezala, punka izango da ekimenaren hari nagusia. Hartara, Amaia Udal Antzokian eta Gaztetxean punkarekin lotutako dokumentalak eskainiko dituzte egitarauak iraun bitartean.

Hiru mahai-inguru Kulturaten

‘Ez Donk Amaitu’ egitarauaren barruan, hiru mahai-inguru izango dira Kulturaten azaroaren 10ean, 17an eta 24an. Lehena, musikak eta euskarak daukaten loturari buruzkoa, Josu Zabalarekin, Garbiñe Ubedarekin eta Josu Belakorekin. Bigarrena, feminismoak rocka nola bizi izan duenari buruzkoa, Itziar Ziga, Miren Aranguren eta Jokin Azpiazurekin. Eta, hirugarrena, Rocka eta 80ko hamarkada ardatz hartuta, Gregorio Galvez, Aurora Beltran eta Gotzon Hermosillaren parte hartzearekin. Zuzeneko musika ez da faltako. Perlata eta Zero taldeak arituko dira azaroaren 5ean, ostiralez, Gaztetxean.

Barandiaranek atzoko aurkezpenean esan zuenez, «Bionan gaur zergatik? RIPek hasi zuen, hein handi batean, punkak herrian eman duena eta oraindik ematen duena. Biona oso lotuta dago 80ko hamarkadarekin eta garai hartako punkiekin. Horregatik Biona bisitatzeko aukera izango da azaroaren 12an, 13an eta 14an, arratsaldez, ordu erdiko txandatan. Horretarako izena eman behar da Kulturateko erakusketan». Esandakoa, 80ko hamarkadara bidaia bat, garaiko Biona tabernan eta bertako oroitzapenetan sartu-irtena barne.