Maitane Aldanondo

Iruñeko Ekomerkatua, nekazaritza ekologikoaren geltoki

Hilabeteko lehen larunbatetan sasoiko produktuak, freskoak eta bertakoak eskaintzen dituzte hogei saltzailek baino gehiagok Iruñeko Ekomerkatuan.

Elikagai fresko eta elaboratuak eskaintzen dituzte azokan: barazkiak, lekaleak, fruta, eztia, ardoa, kontserbak...
Elikagai fresko eta elaboratuak eskaintzen dituzte azokan: barazkiak, lekaleak, fruta, eztia, ardoa, kontserbak...

Iruñeko autobus geltoki zaharra Ekomerkatuak hartzen du hilabeteko lehen larunbat goizetan 2020ko martxotik. Bertatik irtendako ibilgailuek hiria beste hamaika txokorekin lotzen zuten moduan, azokak landa gunera hurbiltzen du egun hiriburua. Izan ere, Nafarroako ekoizle ekologikoek zuzenean merkaturatzen dituzte euren elikagaiak.

Sektoreak berak atzemandako behar bati emandako erantzuna da, askotan ez dauden «merkaturatze bide laburrak» sustatzeko. Hala, ekoizpena gizarteratzeaz gain, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana ere ahalbidetu nahi du. «Lehen sektoreari balio erantsia ematen dio azokak, eta jendearengana heltzeko aukera ere bada», zehaztu du Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko (NNPEK) komunikazio arduradun Kattalin Barbek. «Euren lanaren balioa erakusten diete ekoizleek bezeroei, bientzat prezio justuekin». Alegia, konfiantzazko harremanak sortzeko aukera da, elikadura erdigunean jarrita.

Elikagai fresko eta elaboratuak eskaintzen dituzten hogei postu baino gehiagok osatzen dute azoka: barazkiak, lekaleak, fruta, eztia, ardoa, kontserbak... Asteko edo hilabeteko erosketa egiteko eskaintza nahikoa. Ekoizle batzuk finkoak dira, sasoi eta hilabete guztietan dauden elikagaiak dituztenak, beste batzuk, aldiz, sasoika izaten dira azokan. Esaterako, sagar denboraldian edo uztailean, Faltzesko baratxuriak saltzen dituen nekazari baten egiten duen bezala. «Ekomerkatuak irizpide horiek kontuan hartzen ditu beti sasoikoa, freskoa eta bertakoa saltzeko».

Salmenta eta sentsibilizazioa

Hileroko azoka izateaz gain, nekazaritza ekologikoari buruzko sentsibilizazio gunea ere bada. Hala, zer, noiz eta nola ekoizten duten azaltzen dute nekazariek edota elikagaien propietateen inguruko informazioa ematen dute. Horrez gain, elikadura osasungarriarekin, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoarekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako jardueretan parte hartzeko aukera ere izaten da: hitzaldiak edo tailerrak, betiere, tokikotasuna eta ekoizpen ekologikoa kontuan hartuta. Postu gonbidatuak ere izaten dituzte, beraien filosofiarekin bat egiten dutenak, nahiz eta ekologikoak ez izan, hala nola, Aleka edo REAS.

Ekotopaketak ere egiten dituzte. Azokaren aurreko ostegun gauean, Nafarroako jatetxe iraunkorren sareko sukaldari batek plater bat egiten irakasten du, eta, ostean, afaldu egiten dute. Errezeta Ekomerkatuan salgai diren produktuekin osatzen du, asmoa, parte hartzaileek osagaiok erosi eta plater bera prestatzea baita. «Oso ongi funtzionatzen du, arrakasta handia izaten ari da», dio kontseiluko Kattalin Barbek.

Pandemiaren atarian egin zuten lehendabiziko azoka. «Harrera oso ona izan zuen», baina hurrengoa bertan behera utzi behar izan zuten. Itxialditik bueltan, postuak jarri ezin zituztenez, sistema aldatu egin behar izan zuten. Merkatuko produktu guztiak ezagutarazten zizkieten erosleei, zerrenda baten bidez erabakitzen zuten zer nahi zuten eta poltsatxo batean jasotzen zuten erositakoa. Mugak muga, aurrera jarraitu zuten. «Aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri zituen pandemiak», aitortu du Barbek, baina landatutako hazia bidea egiten hasia zen.

Batez beste, 54 kilometro

Jendeak ezagutzen du Ekomerkatua eta erosketa egitera joaten da, ez soilik ikustera. «Iruñean dagoen merkatu ekologiko bakarra da eta erreferente bihurtu da», baieztatu du Barbek. Ez dira hitzak soilik, horiek oinarritzen dituzten datuak ere badituzte. Iaz egitasmoaren urteurrenaren harira Arrea elkarteak eta INTIAk azterketa bat gauzatu zuten, eta, horren arabera, 2020an 8.000 bat lagun izan ziren  azokan. Are gehiago, bertan erostea ohitura bilakatu du zenbait kontsumitzailek; hamarretik sei, hilero doa.

Erosleek «zuzenean erostea baloratzen dute» eta ekoizleak, berriz, pozik daude Nafarroako hiriburuan zuzenean saldu ahal izateko «espazio bat berreskuratu» dutelako. Batez beste elikagaiek 54 kilometroko ibilbidea egiten dute ekoizten diren herritik hiriburura. Barberen esanetan, «datu horrek erakusten du zergatik den garrantzitsua hurbileko elikagai ekologikoak kontsumitzea». Izan ere, Ekomerkatuko hiru postutik bat 100 biztanle baino gutxiagoko herrietatik dator.
Azaroaren 7an dute hurrengo hitzordua azoka ezagutu edo bertan erosi nahi dutenek. Oraingoan ez da geltoki zaharrean izango, Baluarteko plazan baizik. Abenduan bueltatuko da betiko kokalekura.