Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Luhusotik Glencreera, gatazkaren ondorioak gainditzeko bide bihurriak

Aieteko Adierazpenean zehaztu ez baziren ere, armagabetzea, presoak eta biktimak dira edozein gatazka armaturen ostean gainditu behar diren ondorioak. Hasieran blokeoak nagusitu baziren ere, espero gabeko bideetatik sortzen hasi dira konponbideak, gehienetan herri bultzadari esker.

Presoak askatzeko aldarriak indar berria hartu zuen 2017ko apirilaren 8an Baionan, behien ETAren armagabetzea gauzatua. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Presoak askatzeko aldarriak indar berria hartu zuen 2017ko apirilaren 8an Baionan, behien ETAren armagabetzea gauzatua. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Aieten bildutako nazioarteko ordezkariek Gobernu espainolari eta frantsesari gatazkaren ondorioei heltzera dei egin zietenean, nekez pentsa zitekeen horiek zeharo entzungor egingo ziotela, eta are nekezago, konponbideak Luhuson, Glencreen edota Errenterian sortuko zirela, aurreko gidoi lodi eta erakunde handietatik aparte.

Horrela gertatu da, gertatzen ari da. ETAren armagabetzea euskal herritarren parte-hartzearen eskutik helduko zen, Estatuen erabateko axolagabekeria salatuz. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea abian jartzeko, bestalde, aldagai askok bat egin behar izan dute, azkenean Paris eta Madrilgo gobernuak mugiarazteko. Biktimen aldagaia ere gizartetik hasi da bideratzen. Guztia kronograma batean jarrita, begi-bistakoa da Aieteren ondorengo lehenengo bost urteetan blokeoak eta ezintasunak nagusi izan zirela eta azken bost urteotan, ordea, zenbait korapilo askatzen hasi dela. Horra hor hurrengo bosturtekorako erronka, guztiz konpontzearena, oraindik agendan sartu ez den beste ondorio bati heltzearekin batera; desmilitarizazioari, alegia.

Lehenengo hamarkada igarota, ETAren armagabetzearen afera da guztiz konpondu den bakarra, eta aldi berean prozesua ezaugarritu duena. Aieteko Konferentziak aldebikotasun eskema irudikatu bazuen ere (ETAri eta estatuei, biei zuzendu zitzaizkien nazioarteko ordezkariak), orduan jada sumatzen zen alde bat baino ez zela aurrera egiteko erabakitasunaz jokatzen ari.

«Belardi batean» ez, herriaren eskuetan

Izan ere, Norvegian ETArekin mintzatzeko aukera berehala baztertu ondoren, 2014tik 2017ra bitartean erabateko itxikeria agertu zuten bi estatuek, nazioarteko adituak zur eta lur utzirik. Horra hiru pasarte gogoangarri (oraingo talaiatik aztertuta ia irrigarriak): Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak (Interpoleko buru ohi bat tartean zela) Auzitegi Nazionalera eraman zituen Madrilek; bestetik, armak «belardi batean uzteko» proposatu zion ETAri espainiar Barne ministro batek; eta  hirugarrenik, armagabetzearen aldeko bost ekintzaile harrapatu zituen Parisek Luhuson.

Saihetsezina zena gertatuko zen, ordea, azkenik 2017ko apirilaren 8an Baionan: herritik hartutako armak herriari itzuli zizkion ETAk, ia sei hamarkadako jardueraren ondoren, eta, Aieten bezala, nazioarteko babesarekin egin zuen, Euskal Herriko hiru lehendakarietatik bik beste alde batera begiratzen zuten bitartean. Ia lau urte beranduago, gehienbat ETAren eskuetan egonak ziren 1.400 arma suntsitu zituen Gobernu espainolak ekitaldi sinboliko baten bidez, prozesu honetara beti oso berandu heldu dela islatuz.

Preso, iheslari eta deportatuak: elefantea mugiaraziz

Bide zailago eta korapilatsuagoa ageri da presoak, iheslariak eta deportatuak etxera bidean jartzeko orduan. Hemen ere ilun, oso ilun, joan ziren Aieteren osteko lehenengo urteak; argi-izpi bakarra Giza Eskubideen Europako Auzitegiak “Parot doktrina” ezabatzea erabaki izana izan zen. Ilegalki ezarritako zigor luzapena bertan behera utzita, 60 preso inguru atera ziren kalera eta eztanda egitear zen egoera zertxobait baretu egin zen. 500dik jaitsi zen orduan euskal preso politikoen kopurua, 2000. urtetik lehen aldiz. Gogoan hartu behar da 2008. urtean 762 zeudela espainiar eta frantziar presondegietan. Gaur egun oraindik 200 inguru daude giltzapetuta.

Elefantea mugiaraztearen metaforak zentzu osoa hartu du ibilbide honetan. Alde askotatik tira egin behar izan da, batera eta etsi gabe: manifestazio itzelak egin dira urtero (130.000 lagun 2014ko urtarrilean); akordio politiko zabalak eraiki dira; legearen bidearen aldeko apustua egin du EPPK-k, eta horrela estatuen aitzakiak indargabetu; zer esanik ez, ETAk, bere zikloari bukaera jarrita; eta Parisen eginiko lanak zein Madrilen sortutako indar harremanek gobernuen jarrera malgutu dute azkenik.

Muturreko urruntzea, lehen gradua eta isolamendua alboratu ditu aurten bertan Gobernu espainolak, borondatea izanez gero irtenbideak eskura zituela frogatuz. Inflexio-puntu hori jartzeko, hala ere, ia hamarkada oso bat eta alde anitzeko ahalegina behar-beharrezkoa izan da. Presorik gabeko bukaeraren eszenatokira zenbat denboran eta nondik helduko den, lantzeko dago.

Biktimen zaurietan orbainak

Aurrekoari estuki lotu zaio historikoki biktimen afera. Horretan  ere bide berriak azaleratu dira, Aieteko bide-orria begiratuta aurreikusterik ez zirenak. Glencree eta Errenteria, bi hitzetan laburbiltzeko. Irlandako herri hartan kamera eta zalapartarik gabe elkartu ziren bi aldeetako zenbait biktima, enpatiaren bitartez elkarbizitzaranzko bidea urratzeko topaketa eredugarrian. Eta Gipuzkoako udalerriak eman zuen herrietako bultzadaren balioaren seinale, non eta gatazkak odolustu zuen toki batean, nola eta biktimen ekarpenaren bitartez. ETAk eragindako biktimen artean ahots propioak sortu dira bide honetan, irizpide eraikitzailez, elkarte mendekuzaleen aurreko monopolioa hautsiz.

Estatu-indarkeriak eragindako biktimen zauri gehienek irekita segitzen dute, ostera. Horien aldarrikapen nagusia oinarrizkoagoa da: egia. Eta balantzeetan oharkabean pasatuko den arren, tamalgarria da ikustea hamarkada honetan ez dela hilketa bat edo desagerpen bat bera ere argitu («Naparra»-rena izan zitekeen 2017an Landetako bilaketan, baina ez). Lakuako Gobernuak sinatutako txostenak estreinakoz era ofizialean tortura era masiboan erabili dela onartu zuen, baina ez du apenas ondorio praktikorik izan; torturatuen eskaerak mahai gainean ditu orain Gobernuak berak, biktima gisa aitortu eta erreparatzeko. Bitartean, Madrilek mutu, gor eta itsu segitzen du errealitate honen aurrean, ondorio honen lokatzetan gerriraino sartuta.