Jon Ormazabal

Baskoniak ACBko bere tokia berreskuratu nahi du bolada ezin hobean den Murtziaren etxean

Sito Alonsorenek lehiaketako erasorik eraginkorrena dute, 88,67 puntu sartu dituzte bataz beste eta sailkapeneko hirugarren postuan dira lau garaipenekin.

Wade Baldwinen ekarpena funtsezkoa izango da Murtzian irabazteko. (Endika PORTILLO/FOKU)
Wade Baldwinen ekarpena funtsezkoa izango da Murtzian irabazteko. (Endika PORTILLO/FOKU)

Azken garaipenekin Euroligako ibilbidea nahiko zuzenduta, ACB ligan ere dagokion lekua berreskuratzen hastea da Baskoniaren hurrengo erronka. Koparako txartela ekitaldiaren antolatzailea izatearen bidetik etor badaiteke ere, Gasteiz da antza denez faborito nagusia, sailkapeneko goiko postuetan kokatzea da Dusko Ivanovicenen betebeharra eta oraingoz zortzigarren postuan baino ez daude hiru garaipenekin.

Eta borroka horretan, igande arratsaldez, 20.00etatik aurrera, bisitatu beharko duten UCAM Murtzia da oraintxe bertan aurretik duten taldeetako. Sito Alonsorenek oso txapelketa hasiera bikaina osatu dute orain arte, lau garaipen eta bi porrotekin sailkapeneko hirugarrenak dira Bartzelona eta Real Madril ahalguztidunen atzetik eta bere zenbakiak oso dira kontuan hartzekoa.

Txapelketako talderik saskiratzaileena dira murtziarrak partidako 88,67 puntu sartuta eta horretarako hirukoetan (%42,34) txapelketako talderik eraginkorrenak dira. Gainera, partidako biko jaurtiketarik gehien egiten duen taldea ere badira, beraz, gasteiztarren defentsa lanak ona izan beharko du azken urteetan emaitza onegirik lortu ez duten kantxan garaipena eskuratu nahi badute. Bertan jokatutako azken sei partidetatik erdiak baino ezin izan dituzte irabazi eta ostiralean Euroligan pilatutako nekea eta Petersen hutsuneak ere ez dute askorik lagunduko.

Piezak atontzen

Hala ere, badirudi pixkanaka Dusko Ivanovic berak nahi duen talde egitura osatzen ari dela, piezak pixkanaka egokitzen ari da eta esaterako Wade Baldwin bere prestakuntzak hobetzen ari da eskolta postuan jokatuta.

Kanpoaldetik Simone Fontecchio eta Rokas Giedriatisekin sekulako lerroa osatzen dute. Hala ere, partidako giltzetako bat antolatzaileen arteko lehia izango da eta Jayson Grangerrek lanak izango ditu ACB hasiera honetan ezustekorik handienetakoa izaten ari den Isaiah Taylor gelditzen.