NAIZ

Hil ala biziko partida jokatu behar du Bera Berak igande honetan Paris 92-ren pistan

Talde donostiarrak orain arteko neurketarik garrantzitsuena jokatu behar du, baina saria handia izan daiteke. European Leagueko joaneko partidan lortutako berdinketa (27-27) emaitza ona da itzulekoan kanporaketa gainditu ahal izateko.

Bera Berak Fernandesen abiadura eta eraginkortasuna beharko ditu igandean Parisen. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Bera Berak Fernandesen abiadura eta eraginkortasuna beharko ditu igandean Parisen. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Super Amara Bera Berak azken urteetan erakutsi du ez duela mugarik. Liga, Kopa edota Superkopako titulu ugari lortu ditu bere palmaresean, baina igande honetan beste erronka handi bat dute donostiarrek: European Leaguen aurrera egitea.

Hil ala biziko itzuleko partida jokatu behar dute Imanol Alvarezen jokalariek Paris 92-ren etxean (16.00). Emaitza ona atera zuten Gascan, berdinketa lortu baitzuten (27-27), nahiz eta momentu askotan hiru goleko errentak izan zituzten gipuzkoarrek.

Hitzordu garrantzitsuen aurrean Bera Bera ez da ikaratzen den horietakoa. Aurrean izango duen taldearen aurrekontua donostiarrena baino handiagoa da. Gainera, frantziarrek errekurtso eta Europa mailan esperientzia gehiago izan ditzakete. Baina joanekoan berdinketa lortu izanak, zerbait esan nahi du: Bera Bera onenen artean ere egon daiteke.

Kanporaketan aurrera egiteko, Fernandesen abiadura eta abilezia beharko ditu talde donostiarrak. Brasildarrak sei gol sartu zituen Gascan, eta berarekin batera ber herrikide Cardosok lau gol egin zituen eta Polonio andaluziarrak beste bost.

Imanol Alvarezek Eli Cesareoren duda du. Espainiako selekzioarekin lesionatu zen jokalaria eta gakoa izan liteke, bai erasoan eta baita defentsan ere sailkapen historikoa lortzeko.

Hirugarren errondara sailkatzea sari handia litzateke Bera Berarentzat. Horretarako, gol gehiago izango duen berdinketa bat edo garaipena behar ditu igande honetan Issy les Moulineaux kiroldegian.

Hori bai, astean zehar Imanol Alvarezek argi utzi du «ez dela erraza izango, baina 60 minutuak konzentraturik jokatzen baditugu, gure aukerak izango genituzke. Partidan ondo sartzen eta konfiantzarekin aritzen bagara, Paris urduri jar dezakegu eta mina egiteko gaitasuna dugu».

Hortaz, Alvarezek taldeari «60 minutu oso-osorik jokatzen jakitea» eskatu dio, eta era berean, «Paris 92ek partida laster apurtu saihestu behar dugu, tartea irekiz gero eroso joka lezake».

Arazoak bidaian

Taldea larunbat honetan bertan abiatu da Parisera. Autobusez Biarritzeko aireporturaino joan da, baina klubak Twitter bidez jakinarazi duenez, atzerapenarekin iritsiko dira Frantziako hiriburura. Izan ere, EasyJet konpainiak adierazi dienez, «arazo teknikoak» izan ditu eta Milanetik datorren hegaazkina hartu beharko dute, 17.00ak aldera.

Zuazoren porrota Xixonen (29-27)

Duela egun gutxi batzuk Atletico Guardesekin egin bezala, Zubileta Evolution Zuazok gauzak oso zail jarri dizkio kasu honetan Gijoni, baina porrotarekin itzuliko dira bizkaitarrak etxera 29-27 galdu ostean.

Partidaren lehen minutuak oso orekatuak izan dira, baina asturiarrek 10-7 alde egin dute markagailuan 20. minutuan. Hutsartea eskatu du momentu horretan Joseba Rodriguez Haito entrenatzaileak, baina lehen zatia lau goleko aldearekin amaitu da etxeko taldearen alde (16-12).

Bigarren zatiko lehen gola Gijonena izan da, baina ondoren 0-4ko partzial batekin 17-16 jarri dira markagailuan zuazotarrak.

Bizpahiru goleko errentarekin aritu dira etxekoak lau minutu baino pixka bat gehiagoren faltan bizkaitarrek 27na berdindu duten arte. Hortxe amaitu da Zuazoren abentura, Gijonek beste bi gol sartu eta garaipena eskuratu baitu.