NAIZ

Partida benetan zailak izango dituzte Ampo Ordiziak eta Eibarrek Ohorezko Mailan

Goierritarrek Complutense Cisneros hartuko dute igande honetan Altamiran (12.00) eta armaginek Cocos Sevillaren zelaian jokatuko dute (11.30).

Ampo Ordiziak Complutense Cisnerosen gainetik pasa nahi du igande honetan Altamiran. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Ampo Ordiziak Complutense Cisnerosen gainetik pasa nahi du igande honetan Altamiran. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Errugbiko Ohorezko Mailak, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan, ez du atsedenik asteburu honetan. Ampo Ordiziak eta Eibarrek hitzorduak dituzte igande honetan; goierritarrek etxean, Altamiran, Complutense Cisnerosen aurka (12.0), eta armaginek Cocos Sevillaren zelaian (11.30).

Ordiziaren laugarren jardunaldiko partida hau azaroaren 7an jokatu behar zen, baina egun horretan Espainiako selekzioak nazioarteko konpromisoak dituenez, bi taldeetako entrenatzaileek aurreratzea erabaki dute.

Talde madrildarra maila honetako errugbirik politena duen taldeetako bat da, baina aurreko jardunaldian porrota jaso zuen eta morala ikututa datoz. Gainera, bere zaleen aurrean arituko dira eta klubetik harmailetatik ahalik eta babes handiena eskatu dute.

Gaur egun madrildarrak seigarren postuan daude sailkapenean, 8 punturekin, goierritarrak baino 2 gehiagorekin.

Cisnerosek bere taldean funtsezkoak diren bi gizonen lesioak izan zituen azken partidan: Gonzalo Vinuesa joko zabaltzailea eta Ignacio Rodriguez-Guerra atzelaria. Ordiziarrek hainbeste lan egin duten eta azken partidetan hain emaitza onak eman dizkien aurrealdeko joko hori egin beharko dute, denboraldi hasierako akats horiek zuzenduz, aurreko partidetan hainbat entsegu lortzea eragotzi baitzieten.

Oraindik baja da Elliot Ryan mele erdi irlandarra. Espero da nazioarteko selekzioen geldialdiaren ondoren berragertzea. Partida honetan omenaldi txiki bat egingo zaio Julen Goia kapitainari, maila gorenean 100 partida bete baititu elastiko ordiziarrarekin.

Eibar, Sevillan

Bestalde, igande honetan Eibar Sevillara joango da Iberdrola Ligako 4. jardunaldia jokatzera. Partida, zalantzarik gabe, gogorra eta lehiakorra izango da. Bi taldeek sendotasun eta gogortasun handiko errugbia erakutsi dute orain arte. Iaz, Unben ikuskizun bikaina ikusi ahal izan zen.

Eibarrek orain arte jokatutako bi partidak irabazi ditu, Sanse Scrum (59-24) eta Majadahondaren aurkakoak (40-38). Sevillari dagokionez, Majadahondaren aurka irabazi zuen eta azken partida galdu du Cisnerosen aurka.