NAIZ

Marquezek bigarren garaipen jarraia lortu du eta Quartararo munduko txapelduna da

Repsol Hondako gidariak garaipena erdietsi du “Marco Simoncelli” zirkuituan korritu den Emilia Romaña Sari Nagusian. Yahamako gidari frantsesa, aldiz, MotoGPko munduko txapeldun bihurtu da lehendabiziko aldiz, Bagnaia bere aurkari zuzena lurrera joan baita.

Fabio Quartararok Yamahako taldearekin MotoGPko munduko txapelketa ospatzen. (Andreas SOLARO/AFP)
Fabio Quartararo Yamahako taldearekin MotoGPko munduko txapelketa ospatzen. (Andreas SOLARO/AFP)

“Marco Simoncelli” zirkuituan korritu den Emilia Romaña Sari Nagusian bi pertsona ziren, beste guztien gainetik, zoriontsuak. Alde batetik, Marc Marquez (Repsol Honda RC 213 V), zeinek oso denboraldi zaila igarotzen ari den besoan izandako lesioarengatik. Katalanak bigarren garaipen jarraia lortu du Misano Adriaticon. Bestetik, Fabio Quartararo (Yamaha YZR M 1) aipatu behar da, frantsesa MotoGPko munduko txapeldun bihurtu baita igande honetan lehendabiziko aldiz bere ibilbide profesionalean.

Frantsesaren aurkari zuzena Francesco "Pecco" Bagnaia zen (Ducati Desmosedici GP21), baina italiarra lurrera joan da helmugarako bost itzuli falta zirenean. Honek munduko titulua eman dio Quartararori, zeinek hirugarren postua bere esku zuen baina azkenean laugarren izan den eta horrekin balio izan dio MotoGPko errege berria izateko.

Marquezen atzetik Pol Espargaro taldekidea helmugaratu da eta hirugarren Enea Bastainini italiarra (Ducati) izan da.

Bagnaia oso azkar atera da irteeran, gauza asko baitzituen jokoan, garrantzitsuena Quartararori beldurra sartu munduko titulua atzeratzeko. Tartea irekitzen joan da pixkanaka, eta Jack Miller australiarra (Ducati Desmosedici GP21) bere bizkarzain bihurtu da.

Ondo eutsi dio Ducatikoak bigarren postuari, atzetik Marc Marquez iritsi den arte. Katalanak lau postu irabazi ditu irteeran eta australiarra urduri jarri du. Hainbeste, zeinek Miller lurrera joan den, Repsolekoari bidea libre utziz.

Bestetik, Quartararo oso atzetik irten da eta lasaitasun handiarekin hartu du lasterketa, erorikorik ez izateko eta pixkanaka aurrera joateko. Seigarren biraketan hamargarrena zen, baina lasterketa burutik oso urruti –zazpi segundo baino gehiagora–.

Aurrean, Bagnaiak eta Marquezek tarte polita hartu dute aurkariekiko, eta katalana pega-pega eginda egon da, italiarrak akatsa egin duen arte. Bost biraketa falta zirenean, lurrera joan da eta Marquezi eman dio garaipena. Atzetik, bere taldekide Pol Espargarok gauza bera egin du Miguel Oliveira portugaldarrarekin (KTM RC 16) –lurrera joan da baita ere– eta bigarren postua lortu du. Enea Bastianinik itxi du podiuma, laugarren eta munduko txapeldun bihurtu den Fabio Quartararoren aurretik.

MotoGPko Emilia Romaña Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko webgune berezian azter daitezke.