Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Cadizeko garaipenak bultzatuta, beste arerio zuzen bat menderatu nahi du Alavesek

Pasa den asteburuan sekulako garaipena erdietsi zuen Alavesek Cadizen zelaian (0-2) eta hauspo hori baliatuta, Elx bezalako arerio zuzen baten aurka dinamika ona luzatzen saiatuko da Callejaren taldea. Bi garaipen poltsikoratuta, oraindik ere jaitsiera postuan daude babazorroak, Elxetik lau puntura.

Miazga, hasierako hamaikakoan Lejeunek mina hartu zuenetik, baloi bat urruntzen Betisen aurka. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Miazga, hasierako hamaikakoan Lejeunek mina hartu zuenetik, baloi bat urruntzen Betisen aurka. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Denboraldiaren lehen laurden honetan, kostatzen ari zaio erritmoa hartzea Alaves taldeari. Atletico Madrilen aurka erdietsitako garaipena sekulako oxigenoa izan zen eta sentsazio parekoa bizi izan zen asteburu honetan Cadizen zelaian irabazi ostean. Horiexek dira Javi Callejaren taldeak poltsikoratu dituen garaipen bakarrak.

Sei punturekin oraindik ere ez ditu atzean utzi jaitsiera postuak baina aste hau erabakiorra izan daiteke. Bai behintzat astearte honetako norgehiagoka. Arerio zuzen izatera deitua dagoen Elx jasoko du Mendizorrotzan (19.00etan, Movistar LaLiga) eta beste garaipen batek sekulako hauspoa emango lioke, bai taldeari eta baita entrenatzailea berari ere, zeinaren jarraipena zalantzan egon den denboraldiaren zenbait zatitan. 

Joselu aurrelariak berak ere bi gol egin ondotik, atearen aurreko begizkoa ezerezean utzi zuen eta Callejari emandako besarkadak ondo adierazten du azken asteetako egoera. Izan ere, Betisen aurkako azken minutu porrota kolpe latza izan zen babazorroentzat, etxean puntua lortzetik gertu egon baitziren. 

Alavesek ez du sekulako jokoa egiten eta partidan zehar egin ditzakeen akatsak gogor kastigatu ohi dute. Horixe pasa zen Betisen eta horregatik izan zen hain garrantzitsua Cadizen garaipenaren bidera itzultzea. Atletico Madrilen aurka irabazi ostean, bi porrot jarraian iritsi ziren eta orain, garaipen baten ostean emaitza ona katigatzen saiatuko da talde babazorroa. 

Fran Escribaren Elx jasoko du, Espanyolen aurka berdintzetik datorrena. Alacanteko taldeak ez du batu Alavesek baino garaipen gehiago –bi, baita ere– baina erdietsi dituen berdinketen ondotik, lau puntu gehiago ditu –10, orotara, eta 14. postuan dago–. Athletic, Sevilla, Levante eta, aipatu legez, Espanyolen aurka berdindu du Elxek; Atletico Madril, Vila-real, Reala eta Rayo Vallecanoren aurka galdu egin duen bitartean. 

Alavesek ondo ezagutzen duen Lucas Perez dago Escribaren aginduetara, zeinak bi gol egin dituen –Levanteren aurkako berdinketan eta Getaferen kontrako garaipenean–. Golaren arloan, Pipa Benedetto eta Boyé ere maila oso onean daude, bakoitzak bina gol eginda. 

Nabarmendu behar da baita ere soilik hiru neurketetan geratu dela golik egin gabe: lehen bi jardunaldietan eta Realaren aurkako porrtean. Gainontzeko guztietan, atea zulatu du Escribaren taldeak. Alavesek, ezinbestean, atea ondo zaindu beharko du –Miazgak maila onean hartu du Lejeune-ren lesioak utzitako testigua– orain arte agerian geratu baita markagailuan atzetik joanda izan dituen zailtasunak. Espero da atzeko lerroa berdin mantentzea eta Callejak hamaikakoan egingo dituen aldaketak erasoan izatea; esaterako, Edgar Mendezek joka dezake Pellistriren ordez.  

Asteburu hoentan Joseluk bi gol egin dituen arte, zortzi partidatan soilik bi gol eginak zituen eta horietariko bat, penaltiz. Orain, bederatzi partidatan, laura handitu du estatistika baina erdiak penaltiz egindakoak izaten jarraitzen dute eta horietatik hiru, estrategia jokaldiz lortutakoak izan dira; larunbatean Cadizi luzapenean sartutakoa izan da salbuespena, alegia.

Jada Calleja Alaveseko entrenatzaile zenean, babazorroek 0-2 hartu zuten mendean Elx pasa den denboraldiko partidan. Sasoi berean baina Mendizorrotzan, markagailu berdina lortu zuen Alacanteko taldeak, oraindik Pablo Machin entrenatzaile zela, eta jada badira 13 urte Alavesek ez diola Elx taldeari irabazten Gasteizen. Azkena, 2008an izan zen, Bigarren Mailan (2-0). 

Azken sei urteetan, Lehen Mailan Elxek Mendizorrotza bisitatu duen bi alditan aipatu garaipena eta berdinketa bat eraman ditu. Are gehiago, bere azken bost bisitetatik lauetan punturen bat batu du.