NAIZ

Victoria CF eta Utrillas izango dira Hernani eta CD Injertoren aurkariak Kopako atarikoan

Bi euskal taldek jokatuko dute Kopako atariko kanporaketa. Hernanik A Coruñako Victoria CF taldeari egin beharko dio bisita eta Berbinzanako CD Injertok, Utrillaseri. Azaroaren 17an jokatuko dira partidak. Irabaziz gero, Lehen Mailako talde baten aurka dute txapelketako lehen kanporaketa. 

Hernaniko jokalariak Igorren jokaturiko torneo irabazi berritan. (@CDHERNANI)
Hernaniko jokalariak Igorren jokaturiko torneo irabazi berritan. (@CDHERNANI)

Guztira, Lurralde Mailako 20 taldek jokatuko dute azaroaren 17an Kopa txapelketara sailkatzeko atariko kanporaketa. Horietatik bi, euskal taldeak dira eta biek ala biek, kanpoan jokatuko dute. Hernanik Galiziara bidaiatu beharko du Victoria CF-ren aurka indarrak neurtzeko eta Berbinzanako CD Injertok Teruelera egingo du bisita, CD Utrillas arerio izango duela. 

Aurkarien zozketa irizpide geografikoa kontuan izanda egin da. Igorren, ekainean, Zamudio eta Aurreraren aurka jokaturiko torneoan garaile izanda lortu zuen talde gipuzkoarrak atariko hau jokatzeko txartela, EAEko ordezkari gisa. Nafarrek, aldiz, ezustekoa eman zuten Oberenaren aurka Nafarroako Superkopan. 

Hernanik, sare sozialen bidez adierazi legez, partida hauetako osagai nagusia ilusioa izango da. Izan ere, kanporaketa hau partida bakarrera jokatuko da eta irabazleak, Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko du Kopako lehen kanporaketa. Kopako zozketa azaroaren 19an egingo da. 

Zozketa horretan txartela jada ziurtatu duena, Leioa izan da. Asteazkenean Racing-en aurka gailendu eta RFEF Kopa txapelketako finalerdietara sailkatzeaz gain, aurtengo edizioko Kopan Lehen Mailako aurkari batekin lehiatuko da. Sardinero zelaian 1-2 irabazi zuen Marcos eta Luismaren golei esker. 

Gainontzeko kanporaketak:

Aldeano-Unami

Nalón-Solares

Mollerussa-Penya Independent

Alicante-CD 6 de junio

Villa de Fortuna-Atlético Espeleño

Huracán Melilla-Atarfe

Laguna-Jaraiz

San Agustín de Guadalix-Mora.