NAIZ

Mediabask astekariak bere «soineko berria» erakutsi du kioskoetan

Joan den urtearen hondarrean Mediabask.eus eta Kazeta.eus webguneak berritu ondoren, gaurdanik Ipar Euskal Herriko ‘Mediabask l'Hebdo’ astekariak bere «soineko berria» erakutsi du kioskoetan.

Itxura berria erakutsi du gaur kioskoetan Mediabask astekariak. (Guillaume FAUVEAU)
Itxura berria erakutsi du gaur kioskoetan Mediabask astekariak. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen urte bukaeran, Mediabask.eus eta Kazeta.eus webguneak berritu ondoren urriaren 28. honetan ‘Mediabask l'Hebdo’ astekariaren txanda heldu da.

Gaurdanik Ipar Euskal Herriko astekariak «soineko berria» erakutsi du Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko kioskoetan.

Tamaina handiagoa eta tipografia irakurterrezagoa hautatu ditu duela zazpi urte sortu zen hedabideak.

Itxura bisualagoa, formatu eta maketazio berriak, bestelako tipografia… aldaketa sakona egin du astekariak. Hala eta guztiz ere, azaleko aldaketekin batera edukia ere eraberritzeko apostua egin du Mediabaskek.

Izan ere, atal eta kronikari berriak izanen ditu eta euskarazko artikuluek toki handiagoa hartuko dute aurrerantzean gehienbat frantsesez informazioa zabaltzen duen hedabidean.

Hala, Marc Armspach ‘Marko’k bere marrazkien bidez eguneroko errealitateari bere ikuspegi satirikoa gehituko dio. Aktualitatea izeneko atalean Hego Euskal Herriko albisteek tratamendu sakonagoa hartuko dute.

Urriaren 27an astekari berriaren aurkezpen-gaualdia iragan zen Angeluko Moncine zineman.

Ekialdira bertaratu ziren irakurleak izan ziren astekariaren diseinu berria ikusteko aukera izan zuten lehenak.

Gaualdian prentsak gizartean duen eginkizunari eta bereziki prentsa independentziari buruz eztabaida izan zen. Beatrice Molle Mediabaskeko editorialistak moderatu zuen Mediabaskeko erredaktore buru Goizeder Tabernaren eta ‘Mediapart’-eko ikerketa taldeko Antton Rouget kazetariaren arteko solasaldia.

Mediabask.eus, kazeta.eus eta ‘Mediabask l'Hebdo’ eraberritu ostean dagoeneko helburu berria ezarri du hedabide taldeak: irrati numerikoa sortzea.