Asier Aiestaran

Altunak ez dio aukerarik eman Ezkurdiari eta kaiolako seigarren finala jokatuko du segidan

Amezketarrak sekulako erakustaldia eman du Gasteizko Ogeta pilotalekuan eta bera izango da Unai Lasoren aurkaria azaroaren 14ko finalean. Ezkurdiak ez ditu aukera asko izan, baina izan dituen apurretan ez du gehiegi asmatu.

Jokin Altuna, garaipena amorruz ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Jokin Altuna, garaipena amorruz ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jokin Altunak Lau eta Erdiko bere seigarren finala jokatuko du segidan datorren azaroaren 14an Bilboko Bizkaia pilotalekuan Unai Lasoren aurka. Amezketarrak sekulako erakustaldia eman du gaur Joseba Ezkurdiaren aurkako finalerdian eta ez dio inolako aukerarik eman arbizuarrari, azken 22-10ekoak argi erakusten duen moduan.

Neurketak hasiera bikaina izan du, afizioa egiten duten horietakoa. Aurreneko sei edo zazpi tantoak txapela kentzeko modukoak izan dira: bizi jokatuak, hutsik egin gabe, erremate ederrekin amaituak… Majo gozatu dute Gasteizko Ogeta pilotalekua ia osorik bete duten zaleek.

Lehen sakea Altunari egokitu zaio, baina lehen tantoa Ezkurdiarentzat izan da zabalean amaitutako erremate eder bati esker. Erantzuna berehala iritsi da, Altuna izan baita gantxoz berdinketa sinatu duena. Eta horrela jarraitu dute 3-3ra arte, sakea zuen pilotariak tantoa egin ezinda.

Bien luzimendutik bakarraren erakustaldira

Baina ordura arte bien ikuskizuna zena, bien luzimendua, une horretatik aurrera bakarraren erakustaldi bilakatu da, Jokin Altunarena. Sakeari zuku handia atera dio amezketarrak, ez agian zuzenean tanto asko egin dituelako –bi bakarrik izan dira– baina bai bigarren pilotakadan min handia egin diolako Ezkurdiari.

Lehen partziala zazpi tantokoa izan da, 2-3tik 9-3ra. Altunarik onena ikusi dugu: aurkaria bikain mugitzen eta tantoa erraz amaitzen. Ezkurdiak, aldiz, pekatu txikiren bat egin du, 8-3an lau eta erdiko marratik atzera bidali duen pilotakada bat, esaterako.

Gantxo eder batekin igoarazi du markagailura nafarrak 9-4koa, baina sakeak tanto bakarra iraun dio eta Altuna 13-4ra joan da. Horixe izan da Ezkurdiaren beste ezina: sakea hartu duen aukera horietan ez duela asmatu Altunari min egiten.

Zehazki beste bi aukera izan ditu, 13-5ean eta 14-6an, baina bietan Altunak berehala kendu dio sakea, eta hor jada argi ikusi da Ezkurdiak ez zuela zer eginik izango gaurkoan.

Azkenean 22-10 nagusitu da amezketarra eta partida amaierako ospakizunek eta amorru ohiuek argi erakutsi dute Altunak garaipen honi eman dion garrantzia, ondorengo adierazpenetan onartu duen bezalaxe.

«Nik bakarrik dakit»

«Garaipenari edo finalari baino garrantzia gehiago ematen diot urtero goian jarraitzeko maila erakutsi izanari. Nik bakarrik dakit zenbat lan dagoen honen atzean. Aurtengo txapelketa ez da erraza izan niretzat, hasieran kosta egin zitzaidan nire maila hartzea. Baina bdakit kirol hau zer den, urte guztian ez gara gelditzen, konfinamendu garaitik aste bat bera ere ez naiz gelditu, eta badakit ezin dela beti maila onenean egon. Gai izan nintzen une zailetan aurrera egiteko eta horrek asko pozten nau», adierazi du Altunak.

Joseba Ezkurdia, bestalde, penatuta agertu da. «Errestoan ez dut asmatu Altuna behartzen, eta sakea izan dudanean ere bigarren pilotakada horretan eskubiarekin ez dut pilota nahi nuen lekuan jartzen. Pena horixe da. Berak oso ongi jokatu du, baina nik ez dut lortu nirea egitea. Eta horrelako pilotari baten aurka ez badituzu zure aukerak baliatzen berak amaitzen du tantoa».

Pilotakadak: 238. Partidaren iraupena: 45 minutu eta 12 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 9-3, 9-4, 13-4, 13-5, 14-5, 14-6, 20-6, 20-8, 21-8, 21-10 eta 22-10. Sakez: 2 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 16 Altuna III.ak eta 9 Ezkurdiak. Galdutakoak: 1 Altuna III.ak eta 4 Ezkurdiak. Gertaerak: Gasteizko Ogeta pilotalekua ia beteta. Gorka lehengusua izan zen Altunaren botileroa eta Ruben Ayarra Ezkurdiarena. Lehen sakea, gorri.

Aimarren garaipena Ogetako agurrean

Jaialdiko hirugarren partida ere berezia izan da, Aimar Olaizolak bere azken neurketa jokatu baitu Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Goizuetarrak 22-20 irabazi du Jon Mariezkurrenarekin Jaka eta Arangurenen aurka. Omenaldi polita jaso du gaur ere Aimarrek eta amaieran mariatxiek "Sigo siendo el rey" ere abestu diote pilotaleku osoaren laguntzarekin.