Ion Salgado-Xabier Izaga

‘Txusta’ zendu da, Gasteizko bertsolarien aita-pontekoa

Joxe Agustin Iriondo, ‘Txusta’, hil egin da, 78 urte zituela. Oso ezaguna zen Gasteizen, eta haren taberna bertsolarien eta beste hamaika kolektiboren bilgune izan zen. Manex Agirre bertsolariak twitterren adierazi duenez, Arabako bertso-mugimenduaren aita-pontekoa hil da.

‘Txusta’, Gasteizko Alde Zaharrean, 2017an. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
‘Txusta’, Gasteizko Alde Zaharrean, 2017an. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Joxe Agustin Iriondo Mendaron jaio zen 1943an, Garagartza auzoan, hain zuzen, baina bost urterekin etorri zen Gasteizera gurasoekin, amamarekin eta bi anaiekin. Gazte-gaztetan, zazpiren bat urte zituela, jarri zioten Txusta izengoitia.

GAUR8ri eskainitako elkarrizketa batean azaldu zuenez, berak ere ez zekien zer zela-eta izengoiti hori. «Euskara den ere ez dakit. ‘Txustarra’ edo ‘zuztarra’ bai, baina ‘txusta’...», adierazi zuen.

Abel Enbeita bertsolariak eskatuta, bere taberna Gasteizko Bertso Eskolaren egoitza bihurtu zuen. Zenbait belaunaldi igaro dira Txusta tabernatik edo, zehatzago, Kirolak tabernatik, hala baitzuen izena taberna hark, inork horrela esaten ez bazion ere. Eta beste herrialdeetako bertsolarientzat ere erreferentzia izan zen. Batzuek oso maiz bisitatu zuten, hala nola Andoni Egañak eta Jon Maiak.

Bertsolariena ez zen hara biltzen zen kolektibo bakarra, ordea. Besteak beste, bestelako komunikazio modu baten alde lan egiteko asmoz, 1983ko abuztuan Hala Bedi irratia sortuko zuen gazte talde batek bilera ugari egin zituen han. Halaber, hara bildu izan ziren langabeen asanblea, sindikatuak, hainbat enpresatako grebalariak…

Ospakizun, kultura eta konspirazio gune izan da beti, beraz, taberna hura. Txustak hartu baino lehen, Gasteizko Amnistiaren Aldeko Batzordeek zuten tabernaren ardura, finantziazio iturri gisa, eta Txustak eta bere kuadrillak lagundu egiten zuten.

Presoen aldeko lana egin zuen beti, eta berak ere ezagutu zuen kartzela gaztetan eta ez hain gaztetan. 1968an ia urtebetez egon zen zen giltzapenan; Gasteizko Bake kaleko kartzelan egun batzuk eman ondoren, Carabanchelgora eraman zuten. Harako bidean zela jaio zen Ainhoa, Txustaren hiru seme-alabetan lehena.

1981ean atxilotu zuten berriro eta Madrilgo DGS Segurtasun Zuzendaritza Nagusira eraman zuten. «Oso gogorra izan zen hura», aitortu zuen Txustak. Kalabozoetatik, galdekatzeko, bigarren edo hirugarren solairura igo zutenetako batean, lurrean zegoen koltxoi bati erreparatu omen zion. Haren gainean etzanda, gizon bat: Joxe Arregi.

Parrandazale eta konprometitua, ezagutzen zutenek ez dute erraz ahaztuko. Agirrek esan duen bezala, «egun handira arte, Txusta!».