NAIZ

Hondartza eskubaloian bikiniarekin jokatzea ez da derrigorrezkoa izango 2022tik aurrera

Udara honetan Norvegiako selekzioak prakekin jokatu zuen Europako txapelketa horren ondotik, 1.500 euroko isuna jarri zion Nazioarteko Federazioak. Jokalari horien aldarrikapenak, azkenean, legea aldatzera behar du; hala, 2022tik aurrera, emakumeak ez daude bikiniarekin jokatzera derrigortuta. 

Norvegiako jokalariek prakekin jokatu zuten Europako txapelketa. (IHF)
Norvegiako jokalariek prakekin jokatu zuten Europako txapelketa. (IHF)

Nazioarteko Eskubaloi Federazioak (IHF) hondartza eskubaloian jokalarien janzkeraren inguruko legedia aldatu du. Orain, azaldu duten legez, emakumeak ez daude derrigortuta bikinian jokatzera. Izan ere, orain arte bikinia ez beste janzkeraren batekin jokatuz gero, isuna jaso zezaketen jokalariek. 

Halaxe gertatu zitzaion Norvegiako selekzioari Bulgarian jokaturiko Europako txapelketan. Prakekin jokatu zuten, aldarrikapen gisa, eta Nazioarteko Federazioak 1.500 euroko zigorra ezarri zion. Legedi hori «sexista eta deserosoa» zela adierazi zuten jokalariek. 

Hala zioen orain arteko legediak: «Emakumeek bikini bat erabili behar dute, non goiko aldea kirol-bularretako bat izan behar duen, besoetan irekidurak dituena. Beheko aldeak ez du hamar zentimetro baino gehiago izan behar alboetan». 

2022ko urtarriletik aurrera, ordea, legedian aldaketa emango da eta jada emakumeen janzkera ez da bikinia izango: «Emakumezkoen taldearen uniformea gorputzera egokitutako mahukarik gabeko kamiseta bat da, galtza motz estuak eta baimendutako osagarriak». Hau da, emakumeen janzkera aukerakoa izan daitekeela. 

Norvegiako selekzioak eginiko aldarrikapenaren ondotik, Danimarkako, Islandiako, Finlandiako, Suediako eta Norvegiako kirol ministroek kirolariekin bat egin zuten. Nazioarteko Federaziora idatzi bat bidali zuten, jantzien araua aldatzeko presioa egiteko.

«Gaur egungo emakume kirolarien onerako ez ezik, kirolari guztiei, edozein genero edo jatorri dutela ere, kirolean jarraitzeko» ekintza izan zitekeela nabarmendu zuten idatzi hartan agintariek.