Jon Ormazabal

Bide desberdinetatik, onenen artera itzuli nahi dute Bakaikoak eta Zubizarretak

Promozio mailako laugarren finala izango da igandekoa Altsasun etxarriarrarentzat. Goierritarrak, berriz, lehena izango du, nahiz eta iaz lehen mailakoan aritzeko aukera izan zuen, sakandarrari berari atarikoa irabazi ostean.

Zubizarreta eta Bakaikoa Altsasun egindako material aukeraketan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zubizarreta eta Bakaikoa Altsasun egindako material aukeraketan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Txapela bai, baina bereziki datorren urtean onenen artean jokatzeko aukera izango dute Baikoko Joanes Bakaikoa eta Iraitz Zubizarretak igandean jokoan Altsasun, Etxarri eta Ataunen arteko erdiko puntuan, gutxi gora behera. Bide oso desberdinetatik, nafarrak 2018ko Promozio mailako txapela jantzita eta goierritarrak, grebaren baitan debutatu berritan, Bakaikoa berari atarikoan Bergaran 14-22 irabazita, biek ere badakite lehen mailan aritzea zer den eta errepikatzeko irrikaz dira.

Esperientzia Sakanako aurrelariaren alde dagoela esan genezake, bere Promozio mailako laugarren finala izango baitu igandekoa eta aurrenekoa izango delako ataundarrarena. Zubizarretak argi du bere iazko parte hartze hura egoera oso berezi baten baitan ulertu beharra dagoela eta, profesionaletan horren denbora gutxian jokatuta, hauxe dela bere benetako maila, baina bere lehen final hau irabazita beste urrats bat eman nahi luke.

Bide malkartsuagoa

Joanes Bakaikoaren kasua oso bestelakoa da, bere profesionaletako bosgarren denboraldia ari baita jokatzen eta su askoz geldoagoan egositakoa baita. 2018a izan zen bere urterik onena, Promozio mailako buruz buruko bi txapelak jantzi baitzituen finaletan Peñari –22-16 kaiolan– eta Erasuni –22-17 kantxa osoan– irabazita. Ordutik aurrera, ordea, bere garapena dezente geratu da, besteren artean, martxoan izandako belauneko lesio larriaren ostean.

Jokoz ere, pilotari desberdinak dira biak, erasokorragoa eta airez gehiago jokatzen duena Zubizarreta eta defentsa lanetan trebeagoa Bakaikoa, baina biak finalerdietan partida gogor eta oso zailak irabaztetik datoz, faborito garbiak ziren Dario eta Zabalaren aurka. Bakaikoaren kasuan gainera, polemika handi xamarrarekin, Dariori zenbait tantotan traba egin ote zion. Etxarriarrak uste du, trabarik egin bazuen, erabat nahi gabe egindakoak izango zirela, gaurko joko mota bizkorrak eta partida oso gogor batek sortutako nekeak eragindakoak.