NAIZ

Hungariak Pegasus, espioitzarako software israeldarra, erosi zuela aitortu du

Hungariko Parlamentuko Defentsa eta Segurtasun Batzordeko presidenteak, Lajos Kosak, Gobernu hungariarrak Pegasus espioitzarako programa erosi zuela aitortu du ostegun honetan, lehen aldiz.

NSO enpresa israeldarraren, Pegasusen sortzailearen, web orria irekita duen mugikor bat. (Joel SAGET/AFP)
NSO enpresa israeldarraren, Pegasusen sortzailearen, web orria irekita duen mugikor bat. (Joel SAGET/AFP)

Viktor Orbanen Exekutiboak Pegasus, espioitzarako erabiltzen den software israeldarra, erosi zuela aitortu du ostegun honetan, lehen aldiz. Orain arte, erosketa ukatu izan du beti. Hungariako Parlamentuko Defentsa eta Segurtasun Batzordeko presidenteak, Lajos Kosak, onartu du Gobernuak NSO enpresaren zerbitzuak erabili dituela: «Barne Ministerioak softwarea eskuratu du».

Hala ere, Kosak Pegasus erabiltzeko hautua defendatu du. Izan ere, operazio «legitimoa» eta «esatekorik ezer» ez dagoela nabarmendu du ATV egunkari digitalean. Era berean, NSO enpresak sortutako softwarearen biktimak nortzuk izan diren sekretupean mantenduko dutela adierazi du hungariar Parlamentuko Defentsa eta Segurtasun Batzordeko presidenteak, biktimen «norbanako eskubideen errespetua» argudiatuta. Hungariako kazetari, abokatu eta oposizioko kideen mugikorretan aurkitu dituzte espioitza programaren aztarnak.

Software hau, mundu osoan zehar 50.000 kazetari, politikari eta aktibistaren mugikorretan aurkitu zuten txertatuta joan den uztailean. Hori horrela, espioitzarako tresna gisa erabili dute softwarearen erosleek. Nazioarteko hedabideek azaleratu zuten kasua, eta hungariar Gobernuak Pegasus erabilita oposizioko kideak, aktibistak eta kazetariak espiatzen zituela iradokitzen zuten zantzuak argitaratu zituzten komunikabideek.

Momentu hartan, Hungariako Atzerri Ministroak, Peter Szijartok, akusazio guztiak ukatu zituen eta erabat baztertu zuen bere Gobernuak kazetari eta ekintzaileen jarduerak zelatatu izana.

Testuinguru horretan, Budapesteko Fiskaltzak ikerketa bat jarri zuen martxan uztailean software honen erabilera legezkoa izan zen ala ez argitzeko. Justizia frantsesak ere ikerketa paralelo bat jarri zuen martxan aldi berean.