Martxelo Diaz

(Euskal) literaturaren gabeziak agerian utzi ditu Irati Jimenezek

Literaturak oro har eta euskal literaturak dituen gabeziak eta arazoak mahai gainean jarri ditu Irati Jimenez idazleak Elkarrek argitaratu duen ‘Begiak zalbalduko zaizkizue’ liburuan.

Irati Jimenez literaturari buruz egiten duen hausnarketa jasotzen duen liburuarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)
Irati Jimenez literaturari buruz egiten duen hausnarketa jasotzen duen liburuarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

Literaturak oro har eta euskal literaturak dituen gabeziak eta arazoak mahain gainean jarri ditu Irati Jimenezek ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ (Elkar) liburuan. «Literatura explikatzen dut literatura egiten dudan bitartean», azaldu du egileak gaur Donostian egin duten aurkezpenean.

«Altxor» eta «miraritzat» jo du Jimenezen lana Xabier Mendiguren editoreak. Euskal letrei, literaturari, irakurleei maitasun adierazpena ere badela gaineratu du editoreak. Izan ere, horrelako lan bati ekiterakoan ozpintasunetik egiten ohi dela nabarmendu du. Jimenezek, ordea, neurriz eta maitasunez abiatu da, euskal literaturan konpondu beharrekoak aipatuz. Bikote baten arazoen antzera, «hau konpondu behar dugu» kontzeptua da helburua.

Honekin batera, liburua urtetako lanaren isla dela gaineratu du Mendigurenek. «Bizitza oso bateko irakurketa» dago liburuan. Horren islada, aurkibidean agertzen diren idazleen zerrenda: Axular, Gabriel Aresti, Joxe Azurmendi, Txillardegi, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia... Eta baita ere Miguel de Cervantes, Mariano Jose de Larra, Jorge Manrique, Jose Marti...

Ona eta txarra

Jimenezek azaldu duenez, garai batean gaizki idatzitako testuak irakurtzeko afizioa hartu zuen. Telebasura edo irrati faxistak daudela onartzen dugun bezala, gaizki idatzitako testuak ere badaudela nabarmendu du egileak. «Nahiz eta hori ez dugun esaten», esan du. «Pasio hori garatu nuen, oso dibertigarria, entretenigarria da», azaldu du.

Balantzaren beste aldean, momentu txarrak izan zituela kontatu du Jimenezek. Laguntasun bat apurtu zitzaion eta ez zuen testu kaxkarrak irakurtzeko nahirik. Literatura onarekin maitemindu zen, laguntasun handia topatu zuen literaturan, mesede egin zion.

Liburua literatura txarra eta ona, «zorionekoa», irakurtzearen emaitza da. Baina horren atzean lan ugari dago, lan sistematikoa. Beste gauza askoren artean, euskal literaturaren kritikak irakurtzearena.

Lau zatitan

Lau zatitan antolatzen da Jimenezen liburua. Lehenengoan, sorrera azalpena egiten da hipotesi jakin batetik abiatuta: «ez gaude kreatibitateari dagokionez loraldi batean, momentu bajuan gaude». Horren adibidea, tantaka tantaka ematen den irakurleen galera da. «Arazoa ez da konponezina, baina arazoak daudela onartzea da erresistentziarik handiena», adierazi du idazleak.

Bigarren zatian, orokorretik euskal literaturara pasatzen da, diagnosia egiteko eta arazoak aipatuz. «Zer egiten dugun gehiago eta zer ez dugun hainbeste egiten». Gabeziak aipatzen ditu, horien artean, euskaldunak ez direla munduko komunitaterik handiena. Arazo historiko asko dago, eta ez dira konpondu.

Hirugarren zatian «zer da literatura?» galderari erantzuteari ekin dio Jimenezek. «Oso inportantea da hau», nabarmendu du. Izan ere, feminismoari buruzko liburu baten egileari feminismoaz galdetzen diote. Gatazkari buruzko liburu baten egileari gatazkaz galdetzen diote. «Baina inoiz ez dugu testuaz hitz egingo», adierazi du idazleak. «Ez zaigu literatura erakusten, soilik literaturaren historia. Eta ez oso ondo», esan du. Hainbat kontzeptu azaltzen dira zati honetan. Eta jakintzat ematen ditugunak zalantzan jartzen dira. «Irakurritzat ematen ditugu liburuak baina irakurri gabe ditugu. Kritikoek ere ez dute liburua irakurtzen baina irakurri dutela uste dute. Asko saltzen diren liburuak txarrak direla diogu, baina ez da egia osoa. Hor dugu ‘Kixote’, adibidez», esan du.

Laugarren zatian, berriz, hobera egiteko euskal literaturak zer behar duen aipatzen du Jimenezek. «Kritika behar duela diogu, izango ez balu bezala. Ongi egindako kritika behar da», adierazi du. «Sormena ez dugu aipatzen, bermatuta egongo balitz bezala», gaineratu du. Umorea, norberari barre egiteko, ere faltan somatzen du, Irlandan ez bezala.