Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Haserrea Polonian eta Bolivian, abortuaren debekuen zenbait ondorio direla eta

Polonian 30 urteko emakume bat hil da legeak ez duelako abortua baimentzen, nahiz eta fetuak malformazioak izan. Bolivian, 11 urteko neskato bat ama izateko zorian dago bere aitonaordeak bortxatu ondoren. Eliza katolikoaren presioa dela eta, familiak abortatzeko eskubideari uko egin dio.

Poloniako emakumeen aldeko ekimena, Madrilen. (Ricardo RUBIO/EUROPA PRESS)
Poloniako emakumeen aldeko ekimena, Madrilen. (Ricardo RUBIO/EUROPA PRESS)

Poloniako Auzitegi Konstituzionalak iaz abortua debekatu zuen ia kasu guztietarako, baita fetuak malformazioak dituenean edo atzeraezinezko kalteekin edo bizitzarekin bateragarria den gaixotasun batekin jaio daitekeenean ere. Muturreko legedi honek haurdun zegoen 30 urteko emakume baten heriotza eragin du Pszczyna herrian, hegoaldean. Jolanta Budzowskak, biktimaren familiaren abokatuak, gertatutakoa Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren ondorio dela salatu du. Aditzera eman denez, pasa den irailaren 22an, 22 astez haurdun zegoen emakume bat Pszczynako ospitalera eraman zuten likido amniotikoa galtzen ari zelako. Medikuek bazekiten fetuak malformazioak zituela, baina behin ospitalean, aldez aurretik egindako diagnostikoa berretsi zuten. Egoera horretan egon arren, ez zioten aborturik egin, Konstituzionalak hala agintzen duelako. Fetua bere kabuz hil arte itxoin zuten medikuek. Fetua hil eta 24 ordura, ama infekzio orokortu baten ondorioz hil zen.

«Medikuek ez zioten umetokia hustu fetua hil zen arte, Konstituzionalak ez baitu hori egitea baimentzen nahiz eta fetuak kanpoan bizitzeko aukerarik ez izan. Abortu legala ez da posible», plazaratu dute neskaren abokatuek.

Ospitaleko zuzendaritzak familiaren minarekin eta doluarekin bat egin zuen. «Medikuek eta emaginek euren esku zegoen guztia egin zuten pazientearen eta bere umetxoaren bizitza salbatzeko. Haurdunaldia eten ahal izateko legediaren inguruko balorazioak beste kontu bat dira. Hartutako erabaki guztiak indarrean dagoen araudiaren araberakoak izan ziren», nabarmendu du ohar batean. Familiak adierazi duenez, Izabela izenez identifikatu duten emakumeak ospitalean zegoen bitartean senideei bidalitako mezu pribatuetan azaldu zienaren arabera, «medikuak zer gertatuko zen zain zeuden» eta lehenengo fetuaz arduratu ziren eta ondoren berataz.

Heriotza irailean gertatu zen arren, orain zabaldu da berria. Astelehen gauean “Ezta bat gehiago ere” lelopean protestak deitu zituzten emakumeen eskubideen aldeko defendatzaileek Poloniako hainbat lekutan, Varsovian eta Krakovian, esaterako. Mobilizazio gehiago izan ziren asteartean. Gobernuan dagoen Justizia eta Bakea (PiS) partiduaren diputatua den Marek Suskik honakoa esan du: «Zoritxarrez, gaur egun ere emakumeak erditzean hil egiten dira». PiS buru zela, 119 diputatuk Konstituzionalean helegitea aurkeztu zuten 2019an, ordura arte indarrean zegoen abortu legearen kontra. Legeak haurdunaldiaren etenaldia aurreikusten zuen fetuak gaixotasun larria eta desgaitasunen bat izateko arrisku handia zuenean. 2019an Polonian 1.110 abortu egin ziren eta horietatik %97 malformazioengatik izan ziren. Legearen aldaketarekin, abortua bi kasutan baino ez da legezkoa: emakumearen bizitza arriskuan badago edo haurdunaldia intzestuaren ondorio bada.

Bortxatuta eta haurdun Bolivian

Azken asteotan, Bolivian 11 urteko neskato baten haurdunaldiak zalaparta handia sortu du. Kasu honetan, abortatzeko eskubidea aitortu diote, adin txikikoa izateaz gain, haurdunaldia bortxaketa batengatik izan baita. Bere aitonaordearen zaintzapean zegoela, sexu erasoen biktima izan da Yapacani hirian. Eliza katolikoaren presioaren eraginez, neskatoaren amak eta neskatoak berak abortuari uko egin diote, nahiz eta hasieran abortatzea eskatu eta horretarako lehenengo pilula hartu. Abortua gauzatzeko hiru pilula behar dira, baina lehena hartu zuela, artzapezpikutzak neskatoa estutu zuen bere erabakian atzera egin dezan. Elizak kudeatzen duen erakunde batera eraman dute, eta bai berataz bai jaiotzeko dagoen umetxoaz arduratuko direla argudiatu du Elizak. Jada 21 astez hardun dago. Boliviako legediaren arabera, haurdunaldia 22. astera arte eten daiteke.

Boliviako Herriaren Defendatzailea den Nadia Cruzek hiru helegite aurkeztu ditu abortua gauzatu ahal izateko, «neskatoa amaren, senideen edo edozein talde erlijiosoren eraginetik aldenduz eta babestuz». Justiziari «lehenbailehen» erabaki bat hartzeko eskatu dio. Bigarren helegitean, Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrari Boliviako Estatuaren kontrako neurriak hartzea eskatzen dio, neskatoaren bizitza, osasuna eta duintasuna arriskuan daudelako. Horrekin batera, abortatzeko asmoarekin lehenengo aldian joan zen ospitaleko medikuen kontra, haurren eta nerabeen eskubideak defendatzea ardura duten Santa Cruzeko funtzionarioen kontra eta neskatxaren amaren kontrako salaketa ipini du Herri Defendatzaileak, adin txikikoaren eskubideak urratzeagatik.

Nazio Batuen datuen arabera, eskualdean nerabeen artean haurdunaldi tasa altuenetarikoa duten herrialdeetako bat da Bolivia: 15 eta 19 urte bitarteko 100 biztanleetatik 88. Aurten, urtarriletik uztailera, nerabeen artean 22.221 haurdunaldi erregistratu ditu Osasun Ministerioak.

Gertakari honen harira, Boliviako Emakumearen Etxeak gogorarazi duenez, 2020an 18 urte baino gutxiago zuten gazteen 39.999 haurdunaldi egon ziren. Egunean 104 neskato haurdun gelditzen dira eta horietatik seik 13 urte baino gutxiago dute. Nazio Batuek nabarmendu dute adin txikiko bati bere borondatearen kontrako haurdunaldiarekin jarraitzea behartzea tortura ekintza bat dela.

Bi testuinguru oso desberdin badira ere, Polonia eta Bolivia emakumeen eskubideen urraketaren erakusle bihurtu dira egunotan, baita protesten agertoki ere. Abortatzeko eskubidea eta Elizaren indarra beste behin ere mahai gainean jarri dituzte.