NAIZ

‘Apaiz Kartzela’ zinema aretoetan estreinatuko da azaroaren 26an

Aurten Giza Eskubideen Zinemaldiaren Sail Ofizialean parte hartu ondoren, Ritxi Lizartzak, David Pallaresek eta Oier Aranzabalek zuzendutako dokumentala azaroaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan. Vatikanoak eta Francok Zamoran sortutako munduko apaizentzako kartzela bakarrari buruzko lana da. 

2019ko Durangoko Azokan filma ikusteko aukera izan zen, oraindik egiten ari zirela. Bide batez, protagonisten topagune izan zen hitzordua. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
2019ko Durangoko Azokan filma ikusteko aukera izan zen, oraindik egiten ari zirela. Bide batez, protagonisten topagune izan zen hitzordua. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten espetxearen irudiak. Izan ere, Zamorako konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek. Historia hori jasotzen duen ‘Apaiz Kartzela’ filmak zinema aretoetara egingo du salto azaroaren 26an.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioaren Sail Ofizialean parte hartu du aurten Ritxi Lizartzak, David Pallaresek eta Oier Aranzabalek zuzendutako dokumentalak. Mundu osoan izan den apaiz kartzela bakarraren berri kontatzen du. Francoren diktadura faxistaren eta Vatikanoaren arteko konkordatua zela eta sortu zen. Eskubide zibilak defendatzeagatik bertan kartzelatuak izan eta tunel bat eginda ihes egiten saiatu ziren apaizak.

Honako loturan ikus daiteke filmaren trailerra.

35 elkarrizketa, historia ezezagun bat kontatzeko

Hamarkada batzuk geroago, diktadorea aspaldi hil zen arren, protagonistek eutsi egiten diote memoriari, gertatutako guztia ahanzturan eror ez dadin. Izan ere, luzea da Zamorako espetxean preso egondako abadeen zerrenda, eta horietako askoren testigantzak bildu dira dokumentalean: Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Zulaika, Eduard Fornes, Julen Kaltzada, Jon Etxabe, Periko Solabarria, Periko Berrioategortua, Juan Mari Arregi, Martin Orbe, Felipe Izagirre, Lukas Dorronsoro, Vicente Couce, Nicanor Acosta, Mariano Gamo, Josep Maria Garrido, Andreu Vila, Jose Antonio Calzada, Lukas Dorronsoro, Mikel Zuazabeitia eta Pablo Muñoz.

Diktadorearen gehiegikeriei gogortasunez aurre egin zieten abade haiek ez dute justiziarik ezta errekonozimendurik jaso kartzela zabaldu zenetik igaro diren 50 urte hauetan. Espainiar Estatuan memoria historikoa konpondu gabeko kontua da oraindik ere. Maria Romilda Servini epailea da horren lekuko. Argentinarrak Franco diktadorearen krimenen kontra planteatutako kereilaren parte dira Zamorako kartzelan preso egondako 16 abade ohi.

Garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak berrituko ditu filmak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz kartzelaren historia eta, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe baitago.

«Jazo zen garai hartan, 1965-1967 aldean, oso entzutetsua izan zen; besteak beste, orduan gertatutako beste auzi politiko batzuekin lotura izan zuelako: Burgosko Prozesua, esaterako. Baina gerora –demokrazia garaian– ematen du, adin batetik gorakoengatik ez baldin bada, ez litzatekeela gogoratuko. Jendeak ez du ezagutzen 1968–1976 artean Zamoran apaizentzako kartzela bat egon zenik», azaldu du Ritxi Lizartza zuzendariak.

35 elkarrizketa egin dituzte orotara, eta guztiak bildu dituzte dokumentalean: «Uste dugu horien bitartez benetan kontatzen dela historia, eta uste dugu demokrazia aurreko ikur nagusienetako bat deskubrituko diogula publikoari». Protagonistei eman diete hitza, eta beren ahotsaren bidez, ikusleek apaizen sentimenduak ezagutu eta jasan zutena ulertzea dute helburu: «Espero dugu filmak, polemika baino, zeresana sortuko duela. Ez baitugu hori bilatzen, baizik eta historia gizarteratzea».

2019an, topaketa eta proiekzioa Durangoko Azokan

Duela bi urteko Durangoko Azokan, oraindik filma egiten ari zirela, Irudienean proiektatu zuten eta topaketak pelikulako hainbat protagonista berriro elkartzeko balio izan zuen. Lana erakusteaz gain, bertan agertzen diren pertsona ausartak omendu zituzten. Amuriza, Zulaika eta Naberanek hartu zuten hitza ekitaldian.

«Kartzelatik pasatu direnek badakite zertaz ari garen. Espetxea ez da ahazten», agertu zuten apaiz ohiek. «Orain emozioak bakarrik gelditzen dira, baina sufrimendua ez da ahazten», ziurtatu zuen Amurizak.