Energia burujabetza helburu, udalek komunitateak sustatzeko gakoak aztertu dituzte Hernanin

Udalbiltzak ‘Udal proiektu energetiko komunitario eta burujabeak’ mintegia antolatu du larunbat honetan Hernanin, udalek energia burujabetzaren bidean eman beharreko pausuak ezagutzera gonbidatuz. Euskal Herriko zein nazioarteko egitasmoen esperientziak partekatu dira entzuleekin.

‘Energia berriztagarrien proiektuak’ izeneko mahaingurua, Euskal Herrian energia komunitateen sorrera sustatzeko Hernanin egindako mintegian. (Gorka RUBIO/FOKU)
‘Energia berriztagarrien proiektuak’ izeneko mahaingurua, Euskal Herrian energia komunitateen sorrera sustatzeko Hernanin egindako mintegian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Energia burujabetzaren afera eta planetaren berotzeak ekarri dituen kontzientzia ekologista eta deskarbonizazioaren erronka egun pil-pilean dauden gaiak dira. Egoera horren erakusgarri izan da larunbat honetan Hernaniko Orona fundazioan elkartu den laurogei lagunez osatutako taldea.

Udaletako ordezkari politiko, teknikari eta interesdun norbanakoak bertaratu dira Udalbiltzak antolatutako ‘Udal proiektu energetiko komunitario eta burujabeak’ izeneko mintegira, Euskal Herrian energia komunitateak sortzeko gakoak eta erronkak ezagutzeko helburuarekin. 

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ireki du ekitaldia, bertaratutakoei eskerrak emanez eta ongi-etorria eginez. Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak jarraitu dio Lertxundiri, mintegi hauek antolatzearen arrazoiak azaltzeko: «Energia jendearentzat ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa da arlo energetikoan», adierazi du. «Eta, aurretik beste arlo batzuetan ikusi den bezala, eskala lokala estrategikoa da energiaren arloan ere, eraldaketa hori eragiteko», gaineratu du.

Gakoak eta esperientziak, aditu eta arituen ahotan

Xabier Zubialde ingeniari eta energia berriztagarrietan adituari egokitu zaio edukian sartzearen ardura. ‘Kontzeptu nagusiak argituz’ izena zuen hitzartzean, energia burujabetzaren bueltan dauden oinarrizko duda gehienak argitu ditu Zubialdek.

«Energia burujabetzaz ari garenean, energia baliabide horiek nork kudeatzen dituen birplanteatzeaz ari gara», azaldu du. «Benetako arazoa ez da energia hori nondik ateratzen den, baizik eta energia hori nola erabiltzen den. Gakoa, dudarik gabe, herritarrak gai horretan ahalduntzea litzateke; eta energia burujabetza lortzeak, adibidez, suposa lezake energia ez erabiltzeko proiektuak aurrera ateratzea», gehitu du.

Mahai-inguru bati eman zaio tartea ostean: ‘Energia berriztagarrien proiektuak’. Ana Picallo industria ingeniaria eta energia gaietan aditua izan da moderatzaile, eta Euskal Herriko bazter ezberdinetatik etorritako lau kidek hartu dute hitza: Iñaki Valles, Urarte kontzejutik; Mattin Aldaia, Hernaniko hautetsia; Aitor Larraza, Irurtzungo alkatea; eta Peio Harlouchet Hergaraitik.

Ana Picallo, Iñaki Valles, Mattin Aldaia, Aitor Larraza eta Peio Harlouchet. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lehenak Urarte kontzejuko energia komunitateak nola funtzionatuko duen azaldu du: «Kilometro 0-ko energia lortzea eta herriak berak kudeatzea da helburua. Gure mendiak, ura eta ondasuna kudeatzen dugun bezala, energia ere kudeatzea».

Mattin Aldaiak, halaber, Hernaniko energia komunitatearen berri eman du. «Energia Berriztagarrien Komunitate bat (EBK) sortzen ari gara, Goienerren laguntzaz eta prozesu partehartzaile gisa». EBK horrek ekar ditzakeen onurak aipatu ditu ere: «Mugikortasunaren arloan energia-kontsumoa murriztea, energia berriztagarriei buruzko proiektuak sustatzea, energia ekipo eta zerbitzuak modu mankomunatuan eskuratzea eta talde ahulak integratzea».

Mahai-inguruko partaide izan da, bestalde, Irurtzungo alkate Aitor Larraza. Eurena bezalako herri txiki batean komunitate energetiko bat osatzerako orduan «konfiantzazko aholkularitza tekniko baten beharra ezinbestekoa» dela azpimarratu du. «Kontsumoa nondik datorren jakiteko, auditoritza energetiko bat egitea garrantzitsua da. Horrek datu asko jartzen dizkigu mahai gainean eta erabakiak hartzea errazten digu».

Adibide argi bat emanez, frontoian ezarri duten instalazio fotovoltaikoak eragindako aldaketa hauek aipatu ditu: «Energia berriztagarrietara pasatzeaz gain, 2018an 22.045€-ko faktura elektrikoa ordaintzetik, 2020ean 10.566,46 € ordaintzera pasa gara».

Hergaraitik etorritako Peio Harlouchet-engandik ere, Sugarai kooperatiba eta bere funtzionamendua ezagutu ahal izan dute entzuleek. «Oihaneko egurra kudeatzetik biomasa komertzializatzera arteko pauso guziak menperatzen ditugu, dena 50km inguruko eremu batean. Egurra energia berriztagarria da eta, gainera, zirkuitu laburrean erabiliz, ingurumenaren alde egiten duen erregaia bilakatzen da», nabarmendu du Harlouchetek.

Nazioarteko esperientziak

‘Nazioarteko esperientziak ezagutuz’ hitzladian gehien espero zen jardueretako bat zen Greziako Electra Energy kooperatibako kideen hitzartzea. Grezia Europako lehen herrialdea izan zen komunitate energetikoak arautzen, eta lege horren eta bere ondorioen inguruan mintzatu dira kooperatibako lehendakari Miriam Rodriguez eta proiektu-buru Ignacio Navarro.

Mintegiaren aurretik Udalbiltzako webgunean argitaratu zen elkarrizketan Navarrok esandako hitzak gogora ekarri dituzte, besteak beste: «Komunitate energetikoa inbertsiorako eta garapenerako tresna bat baino gehiago da. Plangintza energetiko, iraunkor eta lurraldeko bat egiterako orduan herritarrak ahalduntzeko eta inplikatzeko modu bat da».

Etorkizunari begira, zer?

Atsedenaldiaren osterako gelditu diren hiru jarduerek energia komunitateak sortzerako orduan topatu daitezkeen erronka juridiko eta burokratikoak, finantzamendu-motak eta etorkizunera begirako erronkak izan dituzte ardatz.

Lehen bi hitzartzeetan, Udalbiltzak GoiEner eta I-Ener kooperatiba energetikoetako Alazne Arruti eta Iban Lizarralde kideak gonbidatu ditu. Energia komunitateak  sortzerako orduan dauden erronkak argi azaldu ditu Arrutik: «Gainditu beharreko traba bat, tokiko entitateen mesfidantza da. Irabazi asmorik gabeko kooperatiben kasuan, legezkoa litzateke udalek energia komunitateetan aktiboki parte hartzea, beti ere komunitate horiek euren jabetzakoak izan gabe».

I-Enerreko Iban Lizarraldek Estatu frantseseko energia komunitateen legediaz zertzelada batzuk eman ditu. «Autokontsumo kolektiboari buruzko marko teorikoa interesgarria da funtsean, baina ekonomikoki zailtasun ugari daude oraindik energia komunitateak sortzeko: argindarraren prezioa Europako baxuenetarikoa da eta, gainera, zerga bereziak sortu dituzte komunitateentzat», azpimarratu dut.

Ekitaldiari beste mahai-inguru batek eman dio amaiera. Ana Picallo berriz moderatzaile lanetan, jarduera honen helburua energia komunitateek etorkizunera begira dituzten erronkak zerrendatu eta horien aurrean zer egin daitekeen eztabaidatzea izan da.

Oraingoan, energiaren kudeaketari arlo ezberdinetatik heltzen dioten zenbait aditu gonbidatu ditu Udalbiltzak: Maitane Arri, Ekologistak Martxan kolektibokoa, izan da horietako bat.

«Demokrazia energetikoaren ikuspuntutik, komunitate energetikoek potentzial handia dute: egunerokoan bizitzaren sostengarritasuna lehenesteko balio dezakete, eta berebiziko tresnak izan daitezke botere-harreman ugari hausteko», azaldu du.

Mahai-inguruko beste partaideetako bat Aitor Urresti EHUko irakaslea eta ingeniaritza industrialean doktorea izan da, eta gogoeta hau plazaratu du: «Komunitate energetiko batek, benetan bidezkoa den trantsizio energetiko baten parte izateko, energia berriztagarria sortzeaz aparte, beste hainbat esparru ere landu beharko lituzke: hala nola, benetako parte-hartzea sustatu, ikuspegi ekofeminista kontutan hartu, eta egoera ahulean dauden familiekin kontatu».

Mintegian zehar hainbat aldiz errepikatu den ideia batekin amaitu du Arankoa abokatuak taldeko Idoia Zuletek ere: «Komunitate energetikoak herritarrenak eta herritarrentzat eginak izan behar dira. Eredu energetikoa aldatzeko bitartekoak dira, baina baita eraldaketa sozialerako balioko dutenak ere».