NAIZ

AHTren aurkako mobilizazio bat egingo dute Iruñean abenduaren 11n

«Euskal Herriko elefante zuri handiena» den Abiadura Handiko Trenaren aurkako «zirku-kalejira» antolatu du Orain Ardura plataformak. Abenduaren 11n izango da protesta, eguerdiko 12.00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta.

Obras del TAV a la altura de Faltzes. (GOBIERNO DE NAFARROA)
Obras del TAV a la altura de Faltzes. (GOBIERNO DE NAFARROA)

Ohar baten bidez, abenduaren 11n Iruñean AHTren aurka egingo duen mobilizazioaren berri eman du Orain Ardura plataformak. Eguerdiko 12.00etan jarri dute hitzordua, autobus geltoki zaharrean, «zirku-kalejira» formatua izango duen protestarako. 

Orain Ardura plataformak deitutako mobilizazioaren afixa.

Azaldu dutenez, elefante txuria «azpiegitura suntsitzaileak, inposatuak eta alferrikakoak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da». Izan ere, «azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, sortu beharko lituzketen balizko onurek baino mantentze-gastu gehiago eragiten dituzte, eta ustezko onuradunen hondamendia eragiten dute».

Euskal Herrian, Orain Ardura taldearen esanetan, Abiadura Handiko Trena da «elefante zuririk handiena, 12.000 milioi euritik gorako kostuarekin, enpresa eliteei bakarrik mesede egiten diena eta are gehiago zorpetuko gaituena».

Ildo horretan, bi zifra eman dituzte: 2026. urtea baino lehen covid osteko Next Generation Europako funtsetatik 145 milioi euro gastatuko dituztela Nfarroako korridorean eta, «hori gutxi balitz», Estatuak Nafarroarako 2022ko aurrekontu ororkorretatik inbertsioaren erdia baino gehiago azpiegitura horretara bideratuko duela, 52 milioi euro (EAEn 336 milioi euro izango dira).

Horregatik, lanak «berehala eta behin betiko» gelditzeko eskatu du Orain Ardurak, eta funts horiek herritarren bizi-baldintza duinak bermatzera bideratu daitezela.

Horixe da, hain zuzen, abenduaren 11n elefante zuriak eta «bere zirku konpainiak», «Glasgowtik etorri berri diren pailazoekin», Iruñean plazaratuko duten mezua.