NAIZ

Torrelavega eta Sarria izango dira Anaitasuna eta Bidasoaren lehen arerioak Kopan

Iruindarren entrenatzaile Quique Dominguez kexu agertu da, maila bereko talde baten aurka haren etxean eta partida bakarrera jokatzeak kalte egiten dielako.

Eskubaloi Kopako bigarren kanporaketako kanporaketen irudia. (NAIZ)
Eskubaloi Kopako bigarren kanporaketako kanporaketen irudia. (RFBM-Media)

Etxetik kanpo jokatu beharko dituzte Anaitasuna eta Bidasoak eskubaloi Kopako euren lehen kanporaketak. Iruindarrek ez dute zorte handirik izan zozketan, Asobaleko beste aurkari baten aurka, Torrelavega, jokatu beharko baitute hemendik bi astera. Bidasoatarek, ostera, maila apalago bateko arerio bat izango dute aurrean, Gironako Sarria hain zuzen ere.

Gaur egin da Kopako bigarren kanporaketa honetarako zozketa eta aurten lehen aldiz Asobaleko talde guztiak sartu dira zozketan, iazko txapeldun Barcelona eta martxoaren 25etik 27ralehiaketaren azken fasea hartuko duen Antequerako Iberoquinoa izan ezik. Torrelavega/Anaitasunaz gain, Frigorificos Morrazo / Logroño izango da lehen mailako bi taldeen arteko kanporaketa bakarra.

Quique Dominguezen haserrea

Zozketaren emaitzak, batez ere maila bereko aurkari baten aurka bere etxean partida bakarrera jokatu behar izateak, ez du batere graziarik egingo Iruñeko taldean eta bere entrenatzaile Quique Dominguezek aho bizarrik gabe erakutsi du bere ezinegona. «Lehenengo esan nahi nukeena da lehiaketek justuak izan beharko luketela eta bertan parte hartzen duten taldeei aukera berak eman beharko litzaizkieke. Eta esango nuke, maila bereko bi talde elkarren aurka aritu behar direnean, kasu honetan Torrelavega eta Anaitasuna, eta kanporaketa partida bakarrera jokatzen bada, bietakoren baten etxean, bi taldeek ez dituztela aukera berak. Talde batek abantaila ateratzen dio bere etxean jokatzeko aukera ematen dion lehiaketa sistemari, zaleak alde dituela eta bestea nabarmen kaltetua izaten da. Kasu honetan gu gara bigarren hori. Nik ez daukat Torrelavegaren aurkako ezer, baina bai kalte egingo digun lehiaketa sistema honen aurka. Hortik aurrera, eta bestela ezin zitekeen bezala, gu abenduaren 15ean kanporaketan ahalik eta partidarik onena egin eta bi partidetara, aukera berdinekin, jokatuko den Kopa honetako hurrengo kanporaketarako sailkatzen saiatuko gara», azaldu du. 

Gainontzeko kanporaketak honako hauek dira: Sant Quirze/ Valladolid, Malaga/Sinfin, Alcobendas/ Huesca, Ciudad Real/ Leon, Burgos / Cuenca, Puerto Sagunto / Puente Genil, Barça B / Granollers, Soria / Nava eta Eivissa / Benidorm.