Asier Aiestaran
Elkarrizketa
Aitzol Atutxa
Aizkolaria

«Etxeko lanak plazan azaltzea nahi dut»

2014 eta 2018 artean bost aldiz jarraian Euskal Herriko txapeldun izana, koska bat beherago dabil orain dimarra, baina aurten ere ez du hutsik egingo aizkoraren urteko hitzordu nagusian.

gara-2021-11-18-Entrevista
Aitzol Atutxa. (Jon URBE | FOKU)

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala igandean jokatuko da, Bilbon, gizonezko nahiz emakumezkoen mailan.

Zer moduz iritsiko zara igandeko final handira?

Gutxi falta da, etxeko lanak eginda daude eta orain ikusi beharko da ea azterketa nola irteten den. Sentsazioei dagokienez, lesiotik oraindik erabat errekuperatu gabe nago, nire bertsiorik onena harrapatu ezinda, baina aurten ere finalean egoteagatik gustura.

Kanporaketako erreferentziak ditugu, baina lan desberdina izango duzue finalean. Zestoakoak balio du erreferentzia gisara?

Erreferentzia bezala balio dezake, eta iazko finalak ere bai, nire ustez. Askotan esaten dugu zaila izaten dela urte batetik bestera finalean aldaketa asko egotea. Aizkolari bat aldatu daiteke, bi asko jota, eta aurten ere ikusi da: iazko sei berberak sailkatu gara eta hori ez da kasualitatea. Gero egia da sailkapen probatik finalera aldaketak egoten direla urtero, eta ziur aurten ere egongo dela aldaketaren bat. Joera bat markatzen du, baina sailkapen egunean aurrena izan edo seigarrena berdin-berdin da. Agian garrantzitsuagoa da ikustea aizkolarien artean dauden aldeak nolakoak diren.

Begirada gehienak Iker Vicenterengan jarriko dira, baina Mikel Larrañaga ere oso indartsu ikusi dugu azkenaldian. Bien artean egongo da txapela?

Uste dut bi izen horiek besteen gainetik daudela. Egia da finalean gauden edonork aukera izan dezakegula lan ona egin eta aurrean ibiltzeko; portzentaje baxuagoan izan arren aukera beti dago sari potoloa lortzeko, baina uste dut txapelduna den heinean faborito nagusia Iker dela, eta gero Larrañaga ere bere momenturik onenean dagoela. Noizbait Ikerren txapela arriskuan egon bada, oraintxe izan daiteke. Larrañagak erakutsi zuen Urrezko Kopan zer maila duen; txapela irabazi zuen Iker menderatuta; kanporaketan ere denborarik onena egin zuen, iaz bezala, baina aurten denbora gehiago sartuz aurkarioi; eta duela astebete Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi zuen.

Zure kasuan zer asmorekin zoaz finalera? Estrategiaren bat pentsatu duzu aurrez?

Estrategia desberdinak erabiltzen dira. Batzuetan entrenamenduetako erritmoa errespetatzen saiatzen zara, besteetan ibaiak dakarren korronteari jarraitu eta aurreko pelotoiari eusten saiatzen zara… Nik postuari edo denbora jakin bati begiratu baino, nahiago dut iazko finaletik daukadan arantza txiki hori atera. Iaz ez nuen nire bertsiorik onena eman, ez nituen etxeko lanak behar bezala egin, eta aurten ez dut hori gertatzerik nahi. Postua izan dadila izan behar duena, baina etxeko lanak plazan azaltzea nahi dut.

Plaza aipatu duzu, eta hori ere izango da albiste. Berriz Bilbao Arenan, aurten jendearekin...

Aizkolaritzaren urteko erreferentzia nagusia da igandeko finala, urteko ekitaldi nagusia. Gaur egungo aizkolari onenak bertan egongo gara eta uste dut horrek behar besteko oihartzuna merezi duela. Ari gara sareetan eta abar lan egiten ekitaldiaren berri emanez, aizkolaritzan izan den belaunaldi aldaketa aldarrikatzen, ikusle berriak erakartzeko asmoz, eta uste dut pixkanaka lortzen ari garela. Badakigu epe luzeko proiektua dela hau, lan luzea dagoela egiteko, baina pauso txiki batzuk eman ditugu. Bilbao Arena eszenatoki paregabea izango da, aizkolariak ere apartak dira, eta aurten beste faktore bat gehitzen da: jendearena, festa handi bat izateko ezinbesteko osagaia.

Proiektu berri hau martxan ipini ostean bigarren urtea bete da. Pozik zaudete orain arte egindako bidearekin?

Hasieratik esan genuen gu ez goazela inoren kontra. Gu prest gaude nahi duen edonorekin elkarlanean jarduteko. Gure helburu bakarra aizkolaritza suspertzea da, batez ere herri kirolak maite ditugulako. Bidean oztopo bat baino gehiago izan dugu, ez dakit zergatik edo noren erruz, baina guk gure bidean jarraitzen dugu. Aurten lortu dugu emakumeak ere gurekin elkartzea eta txapelketa honetan parte hartzea, eta egun berean bi finalak jokatuz lortuko dugu horri ere merezi duen oihartzuna ematea. Kasu honetan, gainera, GolTVk emango du eta estatu mailara iritsiko da.

Bereziki azpimarratu dute antolatzaileek finala estatuan ikusteko aukera. Zer uste duzu emango diola horrek aizkorari?

Aurreneko irakurketa da ETBk ez duela emango finala. Uste dut hori penagarria dela, ia-ia euskal kulturaren aurkako ekintza bezala hartuko nuke. Aizkolari onenak biltzen dituen txapelketa nagusi baten aldeko apustua ez egitea uste dut kaltegarria dela. Hortik aurrera, irtenbideak aurkitu behar izan ditugu gure ikusleak eta gure jarraitzaileak bertan behera ez uzteko, eta azkenean GolTVrekin lortu dugu akordioa. Uste dut hazia ereitea dela. Gero ikusiko da ernaltzen den edo ez, fruituak ematen dituen edo ez.