Fermin Munarriz
Elkarrizketa
Jokin Urain
Idazlea

«Arlo pertsonalik gabeko arlo politikorik ez zuen ulertzen Txominek»

Plazaratu duen bederatzigarren liburuan, Jokin Urain idazlea Txomin Iturbe ETAko lider karismatikoenetakoaren biografian murgildu da, testigantza zuzen ugariren bitartez. GARArekin batera salduko da datorren asteburuan.

Jokin Urain (Jon URBE/FOKU)
Jokin Urain (Jon URBE/FOKU)

Liburuak Txomin Iturbe Abasoloren biografia kontatzen du. Egiten den lehen aldia da. Zein motako iturriak erabili dituzu lana egiteko?

Txomin hil zela laster beteko dira 35 urte, eta apenas utzi zuen ezer idatzita. Dokumentazioa badago han-hemenka, baina ez da hori nik nahi nuena, edo ez hori bakarrik. Beraz, bere irudira, bere izaerara eta ondarera ahalik eta gehien hurbiltzeko, Txominen lagun eta militantziako kideengana jo dut batik bat. Txomin ez baitzen izan pertsona eta militante isolatu bat; beste hainbat ibili ziren bere garaian eta berarekin, eta batzuek eta besteek elkarren artean osatzen zuten zirena, eta denen artean mugimendu bat, erakunde bat.

Nolako Txomin Iturbe aurkituko dugu?

Arlo pertsonalik gabeko arlo politikorik ez zuen ulertzen Txominek. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka pertsonekin eta pertsona bakoitzaren izaeratik abiatuta egin behar dela argi zeukan, baina ez teorian soilik, praktikan baizik. Harremanetan handitzen zen pertsona zela esango nuke, harremanetatik elikatzen zena eta pertsonekin zituen harremanen bitartez herria ezagutzen zuena. Pertsona eskuzabala, ausarta, alaia zen, baina baita serioa ere hala izan behar zuenean. Arlo politikoan, ezberdinen artean puntu komunak bilatzen saiatzen zena, eta ez puntu komunetan egon zitezkeen ezberdintasunak. Arazoak konpontzen saiatzen zena eta ez sortzen. Erakundean osagarri ezberdinak ahokatzen zituen pieza zela esaten zidan bere lagunetako batek.

 

«Ezberdinen artean puntu komunak bilatzen saiatzen zen, eta ez puntu komunetan egon zitezkeen ezberdintasunak»

Liburua irakurtzean, batzuetan badirudi narrazio literario baten aurrean gaudela, kontatzen diren elkarrizketa eta gertaera itzelen konbinazioagatik; hala ere, kazetaritza lana eta testigantza bilketa dira oinarria...

Ez dakit zenbat daukan kazetaritzatik, dokumentuen artean azterka aritu behar izan dudanez, badauka horretatik, jakina. Baina testigantzatik gehiago duela esango nuke; bere senide eta hurbilekoen ahotsak ekartzen ahalegindu naiz, eta bere militantzia-kideenak, berarekin bizi izan zirenenak, hauen bizipen eta zertzeladak ere historian txertatuz. Bere ingurukoen ahots horiek gabe, testigantza horiek gabe, ezinezkoa zatekeen liburu hau idaztea.

Lana Txominen bizitzaren ingurukoa da, baina testuinguru politiko eta soziala erakusten digu, eta garaiko iheslari komunitate anitza edo burkideen bizitza ere. Belaunaldi baten isla al da?

Ezinbestean. Txominen eta bere burkideen bizitzak eta militantzia ezin dira bereizi garaiko testuinguru politiko eta sozialetik. Gerraosteko belaunaldia zen, frankismo betean diktaduraren larderiari aurre egin eta zapalkuntzari jarki zitzaion belaunaldia. «Gazte gera gazte/ ta ez gaude konforme/ mundu garbiago bat/ bizi nahi genduke...» abesten zuen Lurdes Iriondok garaitsu hartan, eta horrek laburbiltzen du apur bat belaunaldi haren izpiritua eta grina. Esango nuke hori zela oinarria, hori zela ernamuina aldaketa hasteko eta erakundea sortzeko ere.

Zer aurkituko dute gaur egungo gazteek liburu honetan?

Gaztetasunaren ezaugarriak dira egonezina, konformatu ezina, injustizia eta ongi ez dagoena aldatzeko grina… Alde horretatik, gauzak aldatzeko grina horretan, agian gaurko hainbat gazte ere identifikatuta senti daitezke Txomin gazte harekin. Jose Manuel Pagoaga Peixoto kideak esaten du 1960ko hamarkada ereintza aroa izan zela, eta garai hartan bazegoen zer ereina kulturan, hezkuntzan, hizkuntzan, eskubide sozial eta politikoetan... Gaurko garaiak ere ez dira errazak; nahasmen aroan bizi garela ematen du inguruari erreparatuta. Eta gazteak dira, batez ere, nahasmenetik irten eta etorkizun hobe batera bideak urratzen asmatu behar dutenak.

 

«Bazuen Euskal Herri ideal baten kontzepzioa, eta horretara iristeko pausoa ematen lehena zen»

Txomin ETAko buruzagi karismatikoenetako bat izan zen. Zertan oinarritzen zen lidergo gaitasun eta erreferentzialtasun hori?

Eskuan itsasgarria zeukala esaten dute batzuek hori azaltzeko. Eskua ematean transmititu egiten zizula halako zera bat. Nik esango nuke jendeari ematen zion tratuak bilakatu zuela karismatiko eta erreferente. Irekia zen, tratuan abegitsua... Baina horrez gain bazuen Euskal Herri ideal baten kontzepzioa, sinisten zuen horretan eta horretara iristeko ahaleginean pausoa ematen lehena zen. Eta hori transmititzeko gaitasuna zuen, eta jendea motibatzeko ere bai. Ezker abertzaleak beste militante batzuk ere erreferentetzat izan ditu eta hala ditu oraindik. Militante horien lana, izaera, konstantzia eta grina ezagutu ahala bilakatu dira erreferente.

Estatuen aparatuak etengabe atzean zituen, bost atentaturen biktima izan zen, espetxeratu egin zuten, deportatu... Hala ere, bere arerio politikoen eta deportazioan hartu zuten herrialdeetako agintarien errespetua ere bazuen...

Bai, hala da. Etsaiak malgutzat jo izan zuen momentu zehatzetan, edo erabili egiten zuen bere irudia, ETAn eta errefuxiatuen artean mesfidantzak sortzeko asmoz batez ere, edo presoen artean zalantzak eragin zitzakeela pentsatuz… Hortik urrun, egia da bere pentsaera berdinekoak ez zirenen errespetua ere irabazi zuela. ETArekin hitz egin nahi zuen askok, Txominekin hitz egitea eskatzen zuen. Eta ez ziren gutxi, politikariak edo enpresariak edo gizarteko beste ezpalen batekoak erakundearekin hitz egin nahi izaten zutenak. Baina, horrez gain, azken atxiloketaren ondoren egin zuen ibilbidean, espetxeko egonaldia lehenik eta Frantziatik kanporatuta gero, Gabonetik igaro eta Aljeriara iritsi eta han egin zuen denboran alegia, are argiago, publikoago ere bai, geratu zen Txomini zioten errespetu hori.

 

«Aljerian beste militante batzuk zeuden, eta haien ahotsez kontatzen da liburuan Txominen heriotza

Beste zeregin askoren artean, 1987an Txomin ETAren ordezkaria izan zen Espainiako Gobernuak Aljerrera bidalitako mandatarien aurrean, Aljeriako Gobernuak babestutako elkarrizketei ekiteko. Nola izan ziren kontaktu haiek?

Aljerian espainiar Gobernuaren ordezkariekin lehen kontaktuetan baizik ez zuen parte hartu Txominek. Ez zuen gehiagorako denborarik izan, 1987ko otsailaren azkenean hil baitzen. Eta elkarrizketak, lehen kontaktuetatik haragoko elkarrizketak, geroago hasi ziren, eta Antton Etxebeste izan zen ETAren ordezkaritzaren buru. Espainiar Gobernuaren ordezkariekin Txominek izan zituen lehen harreman haien lekuko izan ziren aljeriarrak. Txominek berak pena omen zuen, aljeriarrak soilik izan zirelako lekuko, eta ez irudiak eta hitzak bideoan jaso zitzakeen grabagailu bat.

Hiru hamarkada eta erdi hauetan Txominen heriotzaren inguruan Aljeriako Gobernuaren bertsio ofizialak iraun du, zirkulazio istripuz hil zela. Liburuan, lehen aldiz azaltzen da nola gertatu zen benetan haren heriotza. Nola iritsi zinen horretara?

Ofizialki Txomin bakarrik zegoen Aljerian data haietan, hil zenean. Orduan, heriotza hura azaltzeko, aljeriarren eta ETAren artean –Aljerian zeuden beste militante batzuen bitartez– prestatu zuten auto istripuaren bertsio hura. Momentuaren inguruabarrak horrela eskatzen zien batzuei eta besteei, eta Iñaki Arakama eta Belen Gonzalezekin autoan zihoala istripua izanda hil zela adierazi zen. Gobernu espainiarrak talka diplomatiko bat sortu zuen orduan, bi errefuxiatuak Aljerian zeudela publiko egitean, eta Txominen gorpua etxeratzeko oztopoak ezarri zituen. Aljerian Txominekin batera beste militante batzuk zeuden, bada, bat eta bi baino gehiago, hil zen unean eta lekuan bertan zeudenak eta ikusi zutenak. Beraz, haien ahotsez kontatzen da liburu honetan Txominen heriotza ere.