NAIZ

Asko landutako garaipena erdietsi du Zuazok Sant Quirze borrokazalearen aurka (24-25)

Bi puntu gehiago bildu dituzte bizkaitarrek, benetan garrantzitsuak Ohorezko Mailan mantentzeko duten helburu horretan. Azken minutuetan erabaki da partida bigarren zatian zazpi berdinketa zenbatu ostean (guztira 13 izan dira).

Zuazoko jokalariak, aurreko partida bateko hutsarte batean animoak ematen. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zuazoko jokalariak, aurreko partida bateko hutsarte batean animoak ematen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Benetan sufritutako garaipena lortu du larunbat honetan Zubileta Evolution Zuazo taldeak aurten Ohorezko Mailara igo den Sant Quirzeren etxean (24-25). Pentsa, bigarren zatian zazpi berdinketa zenbatu dira (13-13, 14-14, 15-15, 16-16, 17-17, 18-18 eta 19-19), guztira 13 zenbatuz, baina amaierarako 12 minuturen faltan, bi goleko errentarekin ipini dira Barakaldokoak Isabel Fernandez-Agusti eta Alba Sanchezen golei esker (19-21), eta horri esker lortu ahal izan dituzte bi puntuak.

Maila mantentzeko taldea du diseinatuta Zuazok udaran Ainhoa Hernandez eta Maddi Aalla bezalako jokalari garrantzitsuek alde egin eta gero. Eta gaurko garaipenak pauso handi bat suposatzen du helburu horretan. Are gehiago kontuan izanda orain atsedena hartuko duela Ligak, Mundiala jokatuko baita Estatu espainiolean.

Atarikoan «erokeriarik gabe» jokatu behar zutela adierazi zuen Joseba Rodriguez “Haito” Zuazoko entrenatzaileak. Hala izan da, baina etxeko taldeak ez dio markagailuan alde egiten utzi. Oso orekatuta egon da partida guztia eta sei berdinketa zenbatu dira lehenengo 30 minutuetan.

Bi goleko aldea zuten bizkaitarrek leheengo zatuaren amaieran, baina Miriam Gonzalez etxeko taldeko jokalariak 12-13koa ipini du markagailuan aldegeletara 12-13 joateko.

Eta hobeto has du bigarren zatia Sant Quirzek, beste bi gol eskuratu baititu lehenengo bi minutuetan, 14-13 aurretik jarriz. Momentu horrean golak alde batean eta bestean egon dira, zazpi berdinketa zenbatuz. Azkena 19koa izan da. Hortxe, Isabel Fernandez-Agusti eta Alba Sanchezen golek abantaila eman diote Zuazori (19-21).

Gehienez bi gol aurretik joan da talde bizkaitarra eta minutu bat baino gutxiago falta zenean Julia Nuezek 24-25ekoa egin du. Segundo batzuk geroxeago Haitok hutsartea eskatu du, lasaitasuna eskatzeko eta erritmoa frenatzeko. Eta funtzionatu du, Zuazok garaipena eskuratu baitu, atsedenaldira lasaiago joan ahal izateko.