NAIZ

Gorka Pagonabarraga da Bizkaiko Txapelketaren lehenengo finalista

Etxebarriko frontoian jokatu da gaur Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehenengo finalaurrekoa; finalerako txartela lortu du durangarrak. Beste bi finalaurreko geratzen dira Bilboko saioaren aurretik, Galdakaon eta Larrabetzun.

 Gorka Pagonabarraga gaurko saioan kantatzen. (BERTSOZALE ELKARTEA)
Gorka Pagonabarraga gaurko saioan kantatzen. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Segurtasun neurriak indartuta hasi dira Bizkaiko Bertso Txapelketako finalaurrekoak. Gaur jokatu da lehenengoa Etxebarrian eta 500 lagunetik gora batu dira bertan. Bertsozaleak distantziara, baina bertso egarriz eta txalotzeko gogoz hurreratu dira frontoira.

Kantuan aritu dira Gorka Pagonabarraga Agorria, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Imanol Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza, Onintza Enbeita Maguregi eta Paule Ixiar Loizaga Legarra

Lan puntuagarri guztiak egin ostean Gorka Pagonabarraga izan da puntu gehien batzea lortu duena, 529 puntu. Beraz, abenduaren 18an Bilbon jokatuko den finalerako txartela lortu du durangarrak.

Zihara Enbeita Gardokik egin ditu gai-emaile lanak gaurkoan. Epaimahaian jardun dutenak Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Graxi Arregi Leonardo, Joseba Santxo Uriarte eta Miriam Juaristi Urizar izan dira. Itziar Basterretxea Olarreagak egin ditu idazkari beharrak.

Bizkaiako Bertso Txapelketako hurrengo saioa Galdakaon izango da azaroaren 27an. Bertan izango dira Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Josune Aramendi, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia. 

Azken finalaurrekoa Larrabetzun izango da abenduaren 4ean. Bi saio horietarako zein Bilboko finalerako sarrerak eskuratu daitezke jada internet bidez, Bertsozale Elkarteko webgunean.