NAIZ

Pirinioetako galtzada erromatarrari buruzko ikerketak jaso dituzte webgune batean

Pirinioetako erromatar galtzadaren inguruan orain arte landutako ikerketa arkeologiko eta dokumentala, eta horren inguruan argitaratutako xehetasun guztiak, eskuragarri daude Aranzadik zuzendutako webgunean.

Pirineoetako erromatar galtzadaren inguruko webgunea aurkeztu du Aranzadik (@aranzadi)
Pirineoetako erromatar galtzadaren inguruko webgunea aurkeztu du Aranzadik (@aranzadi)

Aranzadi Zientzia Elkarteak zuzendutako ‘Calzadaromanadelpirineo’ titulua duen proiektu dibulgatiboa aurkeztu dute astelehen honetan, Pirinioetako erromako galtzadaren inguruan dagoen informazioa biltzeko helburuarekin.

Webgune horretan eskuragarri daude erromatar galtzadaren inguruan orain arte landutako ikerketa arkeologiko, dokumental, eta argitaratutako xehetasun guztiak. Baita miliario eta epigrafiari buruzko datuak ere, Aranzadik ohar batean azaldu duenez.

Galtzadari buruzko informazio teknikoaz, argazkiez eta ikerketa arkeologikoez gain, webguneak ere lurralde horietako datu praktiko eta turistikoak biltzen ditu, hots: lotura duten intereseko guneak, ibilbideak, paisaia eta abar.

Pirinioetako lurralde-eremuan inskribatutako erakundeei zuzendutako diru-laguntzari esker gauzatu da proiektua.

Nafarroako Gobernuak Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Orokorretik ateratako laguntzarekin, Pirinio eremuetako birpopulazioa eta berraktibaziorako plana jarri zuten abian eta ildo horretan 2021eko deialdian Nagoreko Kontzejuak eraman du aurrera ekimena.

Hala ere, proiektu honetan elkarlanean parte hartu dute beste hainbat udalerrik, hala nola Luzaide, Auritz, Erroibar, Artzibarreko Udalek eta Aurizberriko kontzejuak.