Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Ahaztu baino lehen, ama’, Mikel Etxabururen maitasun ekintza bat, eskutik heltzeko bere manera

Maite duen horrenganako «maitasun ekintza bat» egin du Mikel Etxaburu Osak, «bere txikitasunean eta handitasunean». Hori da, funtsean, Pamielarekin argitaratu duen lan berria, kantu bat bizitzaren azken fasean den amari egina, eta, bere bidez, baita «nagusituz doazen beste ama eta aita askori ere».

Mikel Etxaburu Osa, ‘Ahaztu baino lehen, ama’ poema liburua aurkezten, Donostian. (Gorka RUBIO / FOKU)
Mikel Etxaburu Osa, ‘Ahaztu baino lehen, ama’ poema liburua aurkezten, Donostian. (Gorka RUBIO / FOKU)

‘Ahaztu baino lehen, ama’ Mikel Etxaburu Osaren poema liburua kantu bat da, esperantza ematen duena. «Modu oso finean eguneroko bizitzako gauza oso arruntak kontatuz, amaren bitartez, ama ikusita», oroitzapenak biltzen dituela azaldu du Jose Anjel Irigaray Pamielako editoreak. «Esan beharrekoak esaten dizkio amari, erromantizismokerian erori gabe, modu sotil eta freskoan, are umoretsuan, heriotzari keinu eginez, oso erakargarri, zinezko. Ura bezala pasatzen da, garden, amarekin hizketan. Faktore sozialekin uztartuz», deskribatu du astearte honetan Donostiako Udal Liburutegian egindako aurkezpenean. 

«Oso gauza berezia, samurra» egin duela adierazi du 1969an Ondarroan jaiotako idazleak. «Txikiaren handitasuna eta edertasuna» goraipatu ditu. «Gustura nago txikitasun horretan».

Poema batzuk errezitatu ditu, liburuan barneratzeko modurik onena berau irakurtzea delako. «Baneki non bizi diren zure oroitzak/ banaka-banaka bildu eta/ daroazun txabusina gorriko patrikan gordeko nizkizuke/ mendazko karameluak gordetzen dituzun patrika berean,/ horrela, bakardadeak gogoa sumintzen dizunean,/ karameluen ordez/ miazkatu ahal izango zenituzke oroitza galduak».

Izaskun Del Cerro eta Nerea Zuloagarekin errezital musikatuak egiteko asmoa du Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasleak.

Sentimenduak partekatzea

Orain hiru urte inguru hasi zen egilea liburu hau sortzen. «Ama bizitzaren azken fasean sartzen ari zen, heriotzatik gero eta hurbilago zegoen, hori zetorkion». Agertu duenez, gogorragoa egin zitzaion fase hori oraingo hau baino. «Egizu zuk» esaten zioten amari, hain maite duen kafesnea prestatzeko eskatzen zienean. «Gero ohartzen zara ezin duela egin». Hori onartu behar izan zuten, eta onartze horretatik beste nonbait kokatu ziren. Hor hasi zen obra hau ere.

«Bere bide horren bidaide izan nahi nuen. Eskutik heltzeko modu bat da, nik poema bidez egin dut, neure erara. Bera hobeto ulertzeko, berarekin hobeto egoteko manera bat izan da. Nire amari kantatzen diot, idazten diot, baina nirearen moduan beste ama eta aita asko daude. Askok daukagu familian maite dugun hori nagusituz. Beraz, ulertzen dut begirada hau partekatua izan daitekeela», esplikatu du aurretik beste hiru poema liburu argitaratuak dituen idazleak. ‘Zu zara orain txoria’ (Elkar, 2011), ‘Hodeiak zapatetan’ (Susa, 2014) eta ‘Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak’ (Erein, 2016). Azken lan honekin Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia saria irabazi zuen.

Erantsi duenez, ez digute erakusten heriotzaz mintzatzen eta sentitzen, ez da bizitzaren parte dela ulertzen. Berak bizitzari hitz egin dio kontuan hartuz heriotza haren parte dela. «Oso modu partikularrean baina isilean» eramaten dira halako egoerak, eta modu publikoan bere sentimendu, beldur eta esperantzak partekatu nahi izan ditu.

«Olatu baten joan-etorri apal hori»

Memoriaz eta desmemoriaz mintzatzen da, heriotzaz eta batez ere bizitzaz. Modu sotilean, arinean ere bai, ez arinkeriaz, joan bat balitz moduan, «olatu baten joan-etorri apal hori».

Idazteko prozesua ederra izan dela kontatu du. «Une bakoitzean sentsazio oso kontraesankorrak» izan ditu, ez die uko egin, eta hori guztia dago poemetan.

«Bilatu dudana da irakurlearengan zeozer sortzea boteprontoan, lehenengo irakurketan: sentimendu, oroitzapen, beldur edo bide bat. Poema bakoitzak dauka atzean sentsazio hori, poztasun hori, tristura hori, heriotza hori ulertu, jaso eta bizitzeko era bat. Horretan saiatu naiz».

Agertu duenez, bizitzak beti du transformazio bat, heltze prozesu bat. Eta joan den larunbatean eman zion amari bere liburua. «Amak dagoeneko gauza gehienak ahaztu egiten ditu (...) Batez ere begiratu egiten du, fijo, begietara, hitzik egin gabe». Obra eman zionean «begirada berezi bat» sumatu zion.

Amak ez du liburua askatu

«Lehenengo narraziotxoa irakurri nion, berak idatzitakoa. Amak aspaldi esan zidan beste garai batean jaio izan balitz idazle izango zela. Orri txataletan bere gauzak idatzi eta idatzi aritu zen. Berak idatzi zuen testutxo xume bat irakurri nion. Irakurri nionean negarrez hasi zen, emozionatu egin zen. Ni ere bai. ‘Ama, ezagutzen duzu irakurtzen dabilena?’, galdetu nion. Buruarekin egin zidan baietz. Gaur da eguna ez duena liburua askatu: jan, lo, pardelak aldatu... liburuarekin egiten ditu. Fetitxe antzeko zerbait bihurtu da berarentzat. Ez du zabaldu, ez du behar. Hartu, gogor eutsi eta begiratu egiten dio».

Kontakizun hunkigarria egin du Etxaburuk aurkezpenean ere, poesiaz betea. Deskribatu duenez, txalupa, ubera desagertzen ari da, itsaso bihurtzeko. Ubera hori da seguruenik bizitzaren azken fasea.

«Batzuek diote memoria garela, hura gabe ez garela kasik ezer. Nik sentitzen dut gure ama badela. Maite ditugun beste asko ere badiren moduan. Gure ama sofa txikian eserita bazkaltzen, bada. Nik presentzia horri idatzi diot. Gorputz horri, arrakala horri ere bai. Izan badenari, nahiz eta memoriak ubera moduan itsasora egin».

Beren etxekoak utzita zaintza lanetan ari direnei aitortza

Zaintza lanetan ari diren pertsona horiek guztiekin ere partekatu nahi izan ditu ondarroarrak bere bizipen, uste eta sentsazioak. «Batez ere haien gurasoak utzi, haien seme-alabak utzi, haien herriak eta herrialdeak utzi eta gure etxeetara guk gehien maite ditugun horiek zaintzera etorri direnak» izan ditu gogoan. «Izugarria da. Ezinbesteko laguntza guretzat, eta modu esplizituan esker ona adierazi nahiko nieke».

Euren etxean bada Nikaraguatik etorritako langile bat, Noelia. Semea, alaba eta ama nagusia ditu Managuan. Hiru urte darama haiek ikusi gabe. Aurretik beste norbaiten ama zaindu du, orain Etxabururen amaren etxeko ohean egiten du lo, eta hemendik gutxira beste baten ama edo aita bat zainduko du.