NAIZ
Iruñea

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean ez da covid ziurtagiririk eskatuko

Nafarroako Gobernuak osasun krisiaren aurrean ezarri nahi duen neurri berriak, hau da, covid ziurtagiriaren eskaerak, ez lieke eragingo kontsumiziorik gabeko kultur ekitaldiei. Epaitegien ebazpenaren zain dago oraindik afera. 

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera bertaratzen direnek ez dute covid ziurtagiririk erakutsi beharko. (Olivier MORIN I AFP)
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera bertaratzen direnek ez dute covid ziurtagiririk erakutsi beharko. (Olivier MORIN I AFP)

Datorren larunbatetik aurrera ezarri nahi du Nafarroako Gobernuak covid ziurtagiria, hainbat alor eta ekitalditan. Neurri hori auzitegien berrespenaren zain dago uneotan, eta argitaratu arte ez dira detaileak ezagutuko, baina gaur-gaurkoz, hortik salbuetsita leudeke janari eta edari kontsumiziorik gabeko kultur ekitaldiak.

Horien artean kokatuko litzateke Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, datorren igandean ospatzekoa dena, Iruñeko Anaitasunan. Ondorioz, neurri hori ezarri behar ez izateko, Anaitasunako barra itxita egongo da, eta debekatuta egongo da areto barruan edan eta jatea. Edonola ere, Nafarroako Bertsozale Elkartea azken uneko neurrietara egokituko litzateke, azken neurriak beste batzuk balira ere.

Bestalde, entzuleek maskara jantzita izan beharko dute saio guztian zehar, Bertsozale Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez. «Jende asko elkartuko da Anaitasunan, eta ondokoarekiko errespetuagatik, neurri hori betetzeko deia egin nahi du antolakuntzak; zaindu dezagun elkar», nabarmendu dute. Bertsolariak eta aurkezleak neurri horretatik salbuetsita daude, kultur ekitaldiko artista taldea osatzen duten heinean, bestelako antzerki edo musika emanaldietan bezala.

Azkenik, pilaketak ekiditeko, ohikoa baino lehenago irekiko dira ateak, 15.00etan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak goiz bertaratzeko deia egin nahi du. Behin sartuta, sarrera gordeta, arazorik gabe atera ahalko da aretotik kanpora, eta berriz sartu, beti ere bertsoladien arteko tarteetan, bertsolarien lana errespetatze aldera.