Esan ezin izan dituenak dakartza lehen eleberriko orrietara Eider Rodriguezek

Aita eta alaba aurrez aurre. Elkarren ondoan urte luzez bizi arren arrotz diren bi mundu. Egunerokoa idatziz egingo du alabak aitarengana hurbiltzeko, hura ulertzeko, saiakera. Hauxe ‘Eraikuntzarako materiala’ Eider Rodriguezen liburu berriaren abiapuntua.

Eider Rodriguez, liburua eskuan, gaur Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Eider Rodriguez, liburua eskuan, gaur Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eider Rodriguezek ‘Eraikuntzarako materiala’ (Susa) liburu berria aurkeztu du ostegun honetan Donostian. Aurretik narraziogintzan nabarmendu da eta hau du bere lehen nobela.

Iktusa izan du aitak. Ospitalean dago. Heriotza ate joka dator. Lehen orritik jakingo du irakurleak ohean dagoenaren gainbehera lehenagotik zetorrela medikuak eufemistikoki aitaren ‘arazo hepatikoa’ aipatzen duenean. «Liburua izan daiteke ‘arazo hepatiko’ horren jatorria, bilakaera eta albo kalteak aztertzeko bidea ere», Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen esanetan.

Ez zaio erraza liburua definitzea Leire Lopez Ziluaga Susako editoreari. «Pertsona baten hondamendiaren kontakizuna izan daiteke, familia harremanen zailtasunari buruzko liburua, alaba bat aita baten irudian arakatzen, saiakera bat ulertzeko giza harremanetan ulergaitz egiten zaigun hori, pertsona bati lotzen gaituen hori, nahiz eta trukean ezer gutxi jaso. Edo ezer gutxi uste dugun horri hitzak bilatu eta zerbait bat osatzeko saiakera, gure azken 40 urteen, gure herrien bilakaera ere jasotzen du nolabait», adierazi du aurkezpenean.

Liburuaren 237. orrialdean esaldi hau agertzen da: «Hau ez da idaztea, hau berarekin egotea da ni beste norbait izanda». «Oharkabean pasa daitekeen esaldia da, eguneroko baten sarrera izan daitekeena ia liburu amaieran. Baina garrantzia du, nire ustez. Narratzailea idazlea ez den beste norbait da, gutxienez testu barruan, eta horrek aukera ematen dio errealitatean heldu ezin daitekeen lekuetara iristeko, edo saiatzeko behintzat», kontatu du editoreak.

Lau atal

Lau ataletan banatuta dago eleberria. 2018ko abendutik 2019ko azarora doan egunerokoa da lehen bi kapituluen hezurdura, alabaren ahotsetik irakurriko duguna. Horrekin kontrastean, atzera egingo du narratzaileak. «Iragana orainaldi bihurtuko digu gogoratzeko baino gehiago haren begietatik ikus dezagun», esan du.

Hirugarren atalean aldaketa dator. Lehen pertsonatik bigarrenera igaroko da narratzailea, aitari hitz egingo dio baina ez alabaren ahotsetik, hirugarren pertsona bihurtuko da hura.
Laugarrenean, aitak amari soldadutzatik bidalitako gutunak daude oinarrian, alabaren egunerokoarekin eta gutunei egindako oin-oharrekin batera. Batez ere, gutunen bidez iritsiko zaio aitaren ahotsa irakurleari.

«Narratzeko mekanismo ugari erabili ditu narratzaileak eleberria eraikitzeko. Liburuak eraiki egiten baitira, etxeak bezala. Eta etxeen eraikuntzak badu lekua liburuan. Eta pertsonak ere eraiki egiten ditugu nork bere ikuspuntutik, bere harreman partikularretik. Ezin da ez mundua ez pertsona bat bere osotasunean sartu liburu batean. Aukeratu egiten du idazleak, kendu, erantzi, gehitu… bere subjektibotasuna gehitu».

Aurreko lanekin alderatuta material desberdinak erabili ditu Rodriguezek oraingoan. «Zehaztasuna da bere idazketaren ezaugarrietako bat, ez esatea esan beharrekoa baino gehiago, eta hala da hemen ere; irakurlearen esku geratzen da liburua osatzea», adierazi du.

Arrotz

«Ia 20 urtez etxe berean bizi arren apenas dute harremanik aita-alabek. Ez behintzat hitzezko harremanik, haragizkoa are eta gutxiago. Ez diote elkarri hitzik egiten, ez dute elkar ukitzen… baina begiradak, usaimenak, entzumenak, beren lana egiten jarraitzen dute. Eta isiltasunak. Esan ezin direnek eta esan nahi ez direnek. Isiltasuna gotorleku baino gudu-zelaia da haiek inguruan dabiltzanean», esan du Eider Rodriguezek.

Elementu ugari daude liburuan eta horiek denak bustitzen, hondatzen, desitxuratzen, hankaz goratzen… alkohola. «Aita alkoholikoa da, eta neska, alkoholiko baten alaba. Baina horrek ez du gauza handirik esan nahi eta horregatik idazten du, bilaketa hori da liburu honen idazketa. Hitz nekatu horien atzean dagoena da narratzaileari interesatzen zaiona. Nor gehiago da eraikuntzarako materiala saltzen duen tipo hori? Paleak birziklatuz altzariak egiten dituen aita? Izan ere, alabarentzat hondamendiaz hitz egitea aitarekin egoteko modua bilakatzen da. Idatziz alaba beste norbait bilaka daitekeelako».

Bi protagonista aurrez aurre. Bat gainbeheran, bestea hazten. Bat husten, bestea betetzen. «Gutxika-gutxika eraisten ari den aitaren parean gutxika-gutxika bere burua eraikitzen ari den alaba dago, hondarrezko ordularia bezala, erdi bat hustu ahala betetzen da beste erdia».

Aita den misterioa du abiapuntu liburuak eta bidean maitasuna agertuko da –«har ditzakeen bide oker eta makurrak; alegia, maitasuna bere konplikazio guztiekin»–. «Ez idatzi nahiago izango nukeen liburua da, barruan neramana, isilean, ezin idatzizkoa iruditzen zitzaidana. Aldiz, blokean irten zait ateratzen utzi diodanean», kontatu zuen.

«Beti pentsatzen da ongi hitzak falta zaizkigunean», dio Donna Harawayk liburuaren hasieran. «Hala uste nuen nik ekin aurretik, hitzak falta zitzaizkidala istorio hau idazteko. Baina idazten jarri bezain pronto tropelean etorri zaizkit ia modu ukigarrian, irudiekin batera askotan –esan du–. Hitz eta irudi horiek sintaxiaren legeetara makurraraztea izan da nire lanik handiena».  

Egon da aitorpenik ostegun honetako prentsa agerraldian: «Pentsatzen nituenik ere ez nekien gauza ugari dago nobelan, sentitzen nituela jakin arren hitz horien forma hartuko zutenik ez nekien esaldi ugari ere bai, esan nitzakeenik ere ez nekien esaldiak. Ez ditut esan, idatzi egin ditut. Esan ezin arren idatzi ditudan kontuak baitira. Gauza batzuk ezin dira esan; horretarako daude liburuak, kantuak, gorputzak».

«Eguneroko zatiak, gutunak, hausnarketak… oroitzapenik ez, oroitzeko lehenago ahaztu egin behar baita. Ugaria da liburua egiteko erabilitako eraikuntzarako materiala. Testura ugari ditu. Istorioari ertz askotatik begiratzeko beharra nuen, esku askorekin ukitu, ulertu nahi banuen. Tonuak ere asko dira eta kontakizuna iluna izan arren badago etengabeko argiaren bilaketa», jarraitu du Rodriguezek. Eremu laiotzean argia.

Bi dira protagonista, baina ez liburuan hara-hona dabiltzan pertsonaia bakarrak. «Jende ugari dago liburuan, haien esanek eta begiradek aita-alaben zirkuitu pribatua zartatzen eta kontakizuna zabaltzen dute«, esan du.

Bere jaioterriak, Errenteriak, presentzia handia liburuan, pertsonaiekin batera aldatuz doana, ideologikoki, urbanistikoki, estetikoki… «Bertan hasten da istorioa eta bera da pertsonaien zerogunea», adierazi du Rodriguezek.