Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Patuak lastatutako ihes bat landu du Lander Garrok ‘Faith’ bere azken nobelan

‘Faith’ eleberria kaleratu du Lander Garrok. Bartzelonara eraman du oraingoan Garrok Xabi Ugarte, aurretik ere bere eleberrietan aurkitu daitekeen protagonista. Euskal Herriko giro politiko itogarritik ihes egiten saiatuko da, baina patuak, historiak, familiaren zamak, ukatuko dio ihesa.

Lander Garro, ‘Faith’ liburu berriarekin. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Lander Garro, ‘Faith’ liburu berriarekin. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

‘Faith’ eleberria aurkeztu du Lander Garrok, Euskal Herriko giro politiko itogarriaren ihes saiakera bat, patuak, historiak, familiaren zamak, ukatuko duen bide bat. Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak elkarrekin sustatutako Zubikarai sariaren emaitza da errenteriarraren laugarren nobela.

Bartzelonara eraman du oraingoan Garrok Xabi Ugarte, aurretik ere bere eleberrietan aurkitu daitekeen protagonista, neurri batean, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak esan bezala, idazlearen alter ego-a izan daitekeena, baina fikzioari fikzio izaten utzita.

Motxila potoloa darama protagonistak bizkarrean hiri handira, familia, politika, historia, txikitatik ezagutu duen eta Euskal Herritik dakarren errepresioa soinean. Motxila hori ezin erantzita ezagutuko du Bartzelona, bertako auzoak, giroa, jonkiak, prostitutak. Fedea, faith, galdu duen moja. Patuaren pisuak nola lastatzen duen ahalegin oro, artista izatearena, kasurako.

10+1 dekalogoa

Aurkezpenean, ezin egin daitekeena, berak esanda, egin du Garrok. Eleberriaren «ultrajea»: hamaika, edo hamar gehi bat, hitzekin nobela laburtu.

Gerra Txikia, identitatea, Bartzelona. 2014ean Garrok argitaratutako ‘Gerra Txikia’ liburuan ageri ziren ugartetarrak. Euskal Gatazkak behin eta berriz kolpatu zitueneko pasarteak eta haien biziraupenerako moduak. ‘Faith’-en agertuko da, ezinbestean, «biziraupen prekario» horren «hazia», gerora loratuko dena.

Eta traumek badutenez pertsonen identitatea erauzteko ahalmena, gizaki horrek munduan duen lekua kolokan jartzekoa, berriz eraiki beharko du Xabi Ugartek bere identitatea.

Agian horren bila joan da bere izaera «erromantiko, naif eta inuzenteak» idealizatuta zuen Bartzelonara 2000. urtean, eta mintzen du benetako Bartzelona ez izatea berak espero zuena. Han izango ditu zain, beste edonon izango lituzkeen bezala, Euskal Herriko mamu berberak.

Patua, historia, biktimismoa. Patuak gehiago agintzen baitu ahaleginak baino, ez baita egia meritokraziarena, norberaren bititza soilik norberaren esku dagoela. «Non jaio zaren, zure herria librea den edo kolonizatua den, familia aberatsa edo proletarioa den. Horrek markatzen du protagonista bere nahiak baino gehiago», esplikatu du Garrok.

Xabi Ugartek segika du patua, segika du, Bartzelonan ere, errepresioa. Nola azalduko dio txiletar bati zergatik dagoen Polizia bere etxaurrean? Azaldu beharko lioke zer den sagardotegi bat, nor den Jose Luis Corcuera, zertan zenbiltzan Molaren hegazkinak Gernikan. Azalpen gehiegi, «ezer ez esatea erabaki du». Xabi Ugartek segika du historia.

Dekalogo gehi bat horrekin jarraituz, biktimisko hitza ere aipatu du Lander Garrok, hain zuzen «ez delako liburu biktimista bat». «Fatalista» bai agian. Baina nahita egiten dio ihes manikeismoari. Idazleak iritzi duelako soilik botereak duela manikeismoa erabiltzeko aukera, bere tresna delako, besteak beste, pertsonak zigortzeko. «Guk ezin dugu manikeismoa erabili literatura egiten dugunean», esan du.

Umorea, boterea, gezurra. «Egungo jendartearen gaitzik larriena, botereak sustatua, gezurra da» ‘Faith’-en egilearen hitzetan. Eta Xabi Ugarteri gertatzen zaizkionak ere boterearen gezur batetik abiatzen dira, hori da bere patuaren gaitza. Horregatik darabil umorea, hori baita boterea zirikatu ahal izateko tresna subertsiboa, «pittin bat errebelde izatekoa», bidean «hil gabe».

Euskal Gatazka, erretagoardia. «Ez da euskal gatazkari buruzko nobela bat, Euskal Gatazkak jende batengan sortzen duen minari buruzko nobela bat baizik. Euskal Gatazka testuingurua da, Bartzelona izan daitekeen bezala», azaldu du Garrok. Eta gatazka horren, historiaren, erretagoardian egon diren emakumeek jasotakoa ere ekarri du errenteriarrak, aurretik egin izan duen moduan, bere azken lanera. Sarri abangoardian daudenen horiek baino gehiago dakitenen kontakizuna.