Iraide Ibarrondo

Etxahun Lekue izango da Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketako bigarren finalista

Galdakaoko Urreta kiroldegian ospatutako finalaurrekoan Etxahun Lekue izan da garaile 547,5 punturekin. Hala ere, Aitor Bizkarrak dezente estutu du, 541,5 puntu eskuratu baititu.

Etxahun Lekue, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalista, Galdakoko finalaurrekoan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Etxahun Lekue, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalista, Galdakoko finalaurrekoan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Etxahun Lekuek eskuratu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera klasifikatzeko txartela Galdakoko Urreta kiroldegian larunbat honetan ospatu den bigarren finalaurrekoan. 600 bertsozale izan dira Lekuek, bereziki, zortziko txikian eta kartzelan erakutsitako mailaren testigu. Larrabetzuarra 547,5 punturekin gailendu da baina, hala ere, Aitor Bizkarrak gertutik jarraitu dio, 541,5 punturekin lortu baitu bigarren postua.

Hori horrela, bertsolariek ondoko puntuazioak lortu dituzte: Etxahun Lekuek 547,5 puntu, Aitor Bizkarrak 541,5 puntu, Xabat Galletebeitiak 524 puntu, Aitor Etxeberriazarragak 520,5 puntu, Oihana Bartrak 504 puntu eta, azkenik, Josune Aramendik 463,5 puntu.

Lekue Aramendirekin batera ibili da zortziko txikian bertsotan. Elkarrekin bizitzera joan berri diren bikote bat izan dira, eta Aramendik Lekuek gogoko izan ez dituen kuadroz bete du etxea. Lekuek ekin dio: «Dekoratzeko grina Josunek dekona/ nahiz lehengo kuadroa ez zan horren ona/ oin zalantza bat dekot zalantza sakona/ ze koloretakoa zan kuartuko horma».

Eta, Aramendik erantzun: «Jada ni kolorea nik daukat ahaztua/ ta jada salarantza horrela sartua/ nire kuadroek dute berez enkantua/ ta oraindik falta da nire erretratua».

Kartzelaren gaia, bere aldetik, ‘zenbat geratan dan galdetu eutsu, ez dozu jakin zer erantzun’ izan da. Premisa honetatik abiatuta, gai goibelak aukeratu dituzte bertsolariek orokorrean: Bizkarra ELA gaixotasunaren inguruan aritu da, Lekue haurren minbiziaz, Galletebeitia antzutasunaz, Bartra eta Aramendi euskal presoen dispertsioaz, eta azkenik, ildo orokorretik zertxobait aldenduz, Etxebarriazarraga garbitzaileen lana eta errespetuaren inguruan ibili da kantuan.

Hori horrela, Etxebarriazarragak, zeina oholtzara igotzen azkena izan den, freskotasuna ekarri dio azken frogari era samurrean moldatuz: «Badira ia hiru aste borroka ebala hasi/ bazatoz ala bazoaz rintintinari enfasi/ hogeta zazpi urtegaz igual eingo dautso grazi/ baina nik hemen daroat beste horrenbeste kasi/ ta gaur galdetu orduko bertan dot geldiarazi/ esan deutsat ikasketek ezeitzazue nahasi/ karrera atara ein dozu ez iñori irabazi/ oin beitu sorbaldaz gora adi entzun ta ikasi».

Bizkarra eta Bartrak hamarreko txikian sasoi ona erakutsi dute. Bizkarra osasun etxera zita eskean deika ibili den herritarra izan da eta, Bartra, ostera, osasun etxeko telefonista. Bizkarrak abiatu du bertso sorta: «...nahiz eta orain zabiltzaten asto beharretan/ tratatzen gaituzue manera txarretan/ inongo arretarik ezta lehen arreta».

Gero, Bartrak erantzun: «...nire erantzuna ezaizu batere gustatu/ bale gura dozuna gaur niri eskatu/ baina joan kalera eta protestatu».

Zortziko handian, ostera, Bartrak eta Galletebeitiak osatutako bikoteak barrez leherrarazi ditu harmailetako bertsozaleak. Galletebeitia munizipala izan da eta Bartra, bere alaba, harrapatu du kale edanean, kontenedore baten gainean dantzan: «Alaba ezagutu dut azkar aldartez/ heziketa zuzena ustez nire partez/ kontainer gainean hor musikaz zein artez/ mesedez pixkatxo bat kontenitu zaitez».

Bizkarra itxaropentsu

Azken agurrean itxaropentsu azaldu da Bizkarra. Izan ere, oraindik finaleko eserlekua ziurtatu gabe duen arren, eskuratu dituen 541,5 puntuekin ez du bere burua finalerako sailkatzea guztiz baztertu.

Eta, egiatan, baikorra izateko arrazoiak baditu Bizkarrak. Izan ere, gogora ekarri behar da joan den astean Pagonabarraga 529 punturekin sailkatu zela finalera.