NAIZ

‘Guernica’ Gernikan egon behako lukeela aldarrikatu dute

Dozenaka lagunek aldarrikatu dute larunbat honetan Pablo Picassok margotutako 'Guernica' artelana Gernikan egon beharko lukeela. Adierazi dutenez, euren helburua «euskal identitatea iraultzea, euskal kultura eraberritzea eta hedatzea eta memoria kolektiboa oinarri aurrerakoiekin eraikitzea» da.

Gaurko manifestazioaren argazkia. (Gernika Memoriaren Lekuko)
Gaurko manifestazioaren argazkia. (Gernika Memoriaren Lekuko)

«'Guernica' Gernikara». Hauxe aldarrikatu dute dozenaka lagunek larunbat honetan Gernikan izan den manifestazioan. Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren izenean Maitane Uriartek adierazi duenez, «helburua ez da soilik koadro bat hona ekartzea; helburua askoz sakonagoa eta handiagoa da».

«Batetik, 'Guernica' Gernikara ekarriz, euskal identitatea iraultzea, euskal kultura eraberritzea eta hedatzea eta Memoria Kolektiboa oinarri aurrerakoiekin eraikitzea; bestetik, herrien eta giza eskubideen defentsa, antifaxismoaren eta zapalkuntzaren kontrako borroka, Gernika-Lumotik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Mundura, askatasun-nahi berri eta ekintzailea zabaltzea», gaineratu du.

Zentzu honetan, «herenegungo berotasunari eutsiz», memoriak «pluralizatu» behar direla esan du, «baztertuak izan direnei ahotsa emanez».

40 urte lekualdatu zutenetik

Sabin Ibaizetak, bere aldetik, deitoratu du auzi hau ez dagoela gizartearen agendan, baina gogora ekarri du 40 urte bete direla «‘Guernica’ ozeanoaren bestaldetik lekualdatu zutenetik», eta azaldu du gaurko ekimenarekin «errematea ez ezik beste mugarri bat jarri nahi dutela. «Ez dugu aldarrikapenarekin etsiko», nabarmendu du, eta «koadroak atzean duen historiak munduan ematen diren sarraski bidegabeak salatzea guztion kontzientzian burrunba izugarria» egin beharko lukeela esan du.