NAIZ

Stade Françaisi azken orduan irabazi eta arnasa hartu du Biarritz Olympiquek (17-14)

Partida amaitzeko bost minuturen faltan 10-14 galtzen ari ziren lapurtarrak, baina Bastien Souryren entseguak eta Herronen gauzatzeak Top 14aren sailkapeneko zulotik ateratzeko pauso handi bat ematen lagundu die, aurkari zuzena izan baitute aurrez aurre. Eibar garaile atera da partida jokatu gabe. 

Azkeneraino sufritu behar izan du Biarritz Olympiquek Stade Françaisi irabazteko. (Bob EDME / FOKU)
Azkeneraino sufritu behar izan du Biarritz Olympiquek Stade Françaisi irabazteko. (Bob EDME / FOKU)

Errugbiak, saskibaloiak duen bezala, badu azken emaitzari dagokionez xarma berezi bat, garaipenetik porrotera, edo batekoz bestera, berdinketatik pasa gabe igarotzea posible baita. Top 14ko sailkapen nagusian azken aurreko postuan jarraitzen du Biarritz Olympiquek, baina arnasa sakon hartu du zapatu honetan, Aguileran Stade Françaisei 17-14 irabazi ostean.

Garaipena erdietsi dute lapurtarrek, baina porrota ere bertan izan dute, izan ere bost minuturen faltan 10-14 atzetik ziohazen euskaldunak. Zorionez, Bastien Souryk partida goitik behera irauli duen entsegua lortu du: 15-14. Herronek gauzatzea erdietsi ostean, 17-14koa ezarri dute etxekoek, eta azkeneraino sufritu behar izan badute ere, azkenean denboraldiko laugarren garaipena eskuratu du Biarritz Olympiquek.

Eta ez da gutxi, lapurtarrekin batera azken postuetan dauden Perpinya eta Toulonek ere irabazi egin baitute. Biarritzen dema ere ederki asko hasi da, Tomas Cubelli eta Brett Herronen artean 7-0 aurreratu baita etxeko taldea. Atsedenaldi sasoian ere, dena ederki, 10-3, Herronek azken orduan zigor kolpea gauzatu baitu, hala aurrez Joris Segondsek erdietsitakoa berdinduz.

Bigarren zatia, ordea, beste kontu bat izan da. Markagailua estutzen joan da Joris Segondsek gauzaturiko beste bi zigor kolperen ostean, eta markagailua 10-9 zela, partida amaitzeko 13 minuturen faltan, Stade Françaisek entsegua gauzatu du azkenean, Telusa Veainuren bidez. Eta pozik gauzatzerik ez baita izan: 10-14.

Orduan bai larritasuna eta presa! Etxekoek hortzak gogotik estutu behar izan dituzte, baina partida ostera ere beren aldera iraultzea erdietsi dute, neurketa azken txanpan sartu delarik: 17-14 Soury eta Herronen bitartez.

Behin lortutakoa alperrik ez galtzea derrigorra delako, azkenera arte eusten sufritu du Biarritzek, baina porrotetik garaipenera instant bakarrean pasatzeak duen xarmaz, egunekoa bapo gozatzeko moduko poza eta arnasaldia eskuratu dute azkenean.

Eibar, jokatu gabe garaile

Hegoaldean, berriz, Eibarrek 0-21 irabazi dio San Cugat taldeari Emakumeen Ohorezko Mailan. Alabaina, gipuzkoarrek jokatu gabe irabazi dute; bonus eta guzti irabazi ere.

Antza, San Cugaten errugbi zelaian ez omen da anbulantziarik egon, araudiak hala derrigortzen ei duen arren. Talde katalanak aditzera eman duenez, «ordutegi arazo bat» izan omen dute mediku zerbitzuekin eta, bada, araudiari so eginez, Eibarrentzat izan da garaipena eta bi puntuko gainsaria bere aurkariari ezarritako zigorra dela medio.

Honi buruzko guztia: Rugby