NAIZ

AP-1a moztu dute Ernaiko gazteek, prekarietatearen aurka

Ernai erakundeko 20 bat gaztek AP-1 moztu dute gaur asteazkenean goizean, pentsioen eta lan baldintza egokien aldeko protesta egunaren testinguruan. «Gazteon bizitzek balio dute», aldarrikatu dute.

AP1, moztuta gaur Eskoriatza ondoan. (Ernai)
AP1, moztuta gaur Eskoriatza ondoan. (Ernai)

Protesta ekintza egin dute asteazkenean Ernaiko gazteek, AP1eko Agozibar izeneko bide-zatian, Eskoriatza ondoan, gazteriak jasaten duen prekarietatea salatzeko. Pentsio eta lan baldintza duinen aldeko egunaren testinguruan dator ekintza, zehaztu dutenez.

«Ekimenaren bidez etengabean kolpatzen gaituen sistema gelditzeko beharra irudikatu nahi izan dugu –adierazi dute prentsa ohar batean–. Etengabeko prekarizazioan murgilduta dago gazteria: ez enplegu duinik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan egiteko aukerarik ere».

«Etorkizun eza da gazteoi eskaintzen zaigun bakarra –erantsi dute–. Espektatiben krisi bete-betean aurkitzen gara eta ezinegona eguneroko ogi bilakatu da gazteontzat. Gazteon bizitzak baliorik gabe utzi dituzte. Zentzu horretan ulertu behar ditugu, gainera, osasun mentalari lotutako arazoen eta, zehazki, ospitalizazioen gorakada: antsietatea, depresioa, elikadura nahasmenak, suizidioak...»

«Gazteon ondoeza arazo garrantzitsua da euskal gizartean; eta hala izan beharko luke euskal instituzioentzat ere. Bizitzen aurka egiten duten sistema gelditu beharra dago. Euskal Herriak bere egoera iraultzeko beharra du, errotiko aldaketak behar ditugu herri gisa datorren krisi sozialari, ekologikoari, ekonomikoari... aurre egiteko», gaineratu dute.

Honetarako, «kaleak hartu beharrean gaude, bizitzak erdigunean jarrieta bizimodu duinak eraikiko dituen Euskal Herria pausoz pauso aletzeko. Norabide horretan kokatzen ditugu gaurko mobilizazioak. Independentzia, sozialismoa eta feminismorako bidea halaxe egingo dugu, pausoz pauso. Eta horretarako Euskal Herriko eraldaketaren motore izango gara gazteak», ziurtatu du Ernaik.