NAIZ

‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ liburua aurkeztu du Karmelo Landak

Karmelo Landak ‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ liburua aurkeztu du ostegun honetan Bizkaiko hiriburuko udaletxean. Poeta bilbotarraren idazkien bidez uriko hainbat gune aztertu eta deskribatzen ditu liburuak.

‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ liburua aurkeztu du Karmelo Landak udaletxean. (Bilboko Udala)
‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ liburua aurkeztu du Karmelo Landak udaletxean. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak, Gabriel Aresti Kultur Elkarteak eta Erroa argitaletxeak Karmelo Landak idatzitako ‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ liburua aurkeztu dute ostegun honetan Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan.

Zenbat Gara elkarteak adierazi duenez, liburuak ibilbidea egiten du Bilbon barna. Aresti bizi izandako, bere testuetan aipatutako edo jardundako lekuak ageri dira bertan eta, horiekin, «Bilbo sakon ezagutzeko gida bat» osatu du egileak.

Bilboko gatazka sozial, kultural eta linguistikoak ezagutzeko saiakera ere bada, bertan azaltzen baitira Arestik bizi izan zituen moduan, baina gai horiek egungo Bilbora ekartzen ditu liburuak, gaurkotuta, eta, beraz, «oraingo Bilboren gida eta ispilua» ere bada.

Juan Mari Aburto alkateak aurkezpenean nabarmendu duenez, «liburu hau ez da beste biografia bat, baizik eta Arestik frankismoaren urte gogor eta ilun haietan korritu zituen kale eta txokoetan zeharreko bidaien liburu moduko bat, Sendeja eta Askao lotzen dituen kalea baino itxaropen luzeagoaren bila, beren ideiengatik edo gizarte mailagatik zapalduta egon ziren pertsona guztientzako itxaropena. Lan hori erreferentzia liburu bihurtuko da, gure poeta euskaldun handiaren unibertsoan murgiltzeko».

Bilboko Udala arduratu da argitalpenaz eta BilbaoArte diseinuaz. 2.000 aleko tirada egin da, eta liburu-dendetan erosi ahal izango dira.